Nahia Quincoces, bigarren Munduko Kopan
620 puntu lortu ditu mendi eskiatzaile mendexarrak, Claudia Galicia txapeldunak baino 21 puntu gutxiago. Banakako probetan ere aurreneko postuetan ibili da. Lasterketa bertikalean zilarra lortu du, 191 puntugaz. Banakako lasterketetan, berriz, laugarren postua eskuratu du, 281 puntugaz. Esprint kategorian, berriz, bosgarren amaitu du denboraldia, 148 puntugaz.
Mendi eskiatzaile mendexarrak orain arte Munduko Kopan lortu duen emaitzarik onena izan da aurtengoa. Txapeldunordea izatea oso pozgarria dela nabarmendu du mendexarrak. “Denboraldia hasi zenean ez nuen espero hain ondo amaituko nuenik. Nire helburua ahalik eta ondoen ibiltzea zen, baina bigarren amaitzea ez nuen espero inondik inora”.
Hain zuzen ere, asteburuan Italian jokatu den nazioarteko zirkuituko azken jardunaldian lortutako emaitzei esker, bigarren postuari eutsi diola dio. “Azken momentura arte ez dut jakin bigarren edo hirugarren amaituko nuen (Alba de Silvestro italiarrak baino 9 puntu gehiago lortu ditu). Azken proba egin arte, puntutan parez pare genbiltzan Alba de Silvestro eta biok. Baina banakako proban lortutako 4. postuari esker, sailkapen nagusiko 2. postuari eustea lortu dut”.
Munduko Kopako sailkapen nagusian 2. postua lortzeko Txinan lortutako hiru urreak erabakigarriak izan direla aitortu du mendexarrak. Hiru garaipen horiei esker sailkapen nagusiko lehen postura arte ailegatzea lortu zuen mendexarrak, eta hurrengo jardunaldietan podiumetik ez da jaitsi. “Txinako puntu guztiei esker lortu dut emaitza on hau, bestelakoan, podiumetik kanpora sailkatuko nintzen. Munduko Kopako proba guztiak jokatu dituen emakume bakarra izan naiz, eta probaz proba handik eta hemendik puntuak batzen joan naiz”.
Asteburuan Madonna di Campiglio-n (Italia) jokatu den Munduko Kopako azken hitzorduan ere maila ona erakutsi du mendexarrak. Banakako proba, esaterako, laugarren amaitu zuen (01.44.09). “Lasterketako baldintzak nire alde egon ziren. Hasierako jaitsieran hainbat aurkari aurreratzea lortu nuen, eta horri esker emaitza ona lortu nuen”. Proba bertikala, berriz, 10. amaitu zuen eta esprint proban finaletik kanpora geratu zen, 16. amaitu ondoren.
Munduko Kopa amaitu ondoren, denboraldia amaitzeko gutxi falta zaio Nahia Quincocesi. Hurrengo hitzordua bi urtetik behin egiten den Italiako Mezzalamako trofeoa izango da, apirilaren 27an. “Taldekako proba izango da. Hirunaka ariko naiz Marta Riba katalanarekin eta Valentine Fabre frantziarragaz batera. Proba zaila da, 4.000 metrotik gora ibiliko gara, eta denok batera joan behar izango dugu; momentu batzuetan sokagaz lotuta ere bai”.