Garagartza Elkarteak eraman du Etxebarriko Pazkuetako Idi Probetako manta
Emozioz bete amaitu dira Etxebarriko idi demak, azken saioan plazaratu zen azken idi pareak egin zituen plaza gehien.
Astelehen gauean erabaki ziren Etxebarriko idi demak, eta Laukizko Garagartza Elkarteak eraman zituen manta, txapela eta garaikurra 47 untza justu eginda. Ez zen emoziorik falta izan, azken egunean erabaki zen 66. sari handia, lehia biziagaz. Azken egunean Etxebarriko probalekura atera ziren lau uztaietatik hiru sailkapen nagusiko lehen lauren artean geratu dira.
Gernika-Lumoko Arane jatetxeak zeukan marka –45 untza, 3 metro eta 90 zentimetro–hobetzera atera ziren plazara probalariak. Muruetako Motxo hurre geratu zen 45 untza, 2 metro eta 85 zentimetrogaz, baina ez zuen gainditzerik lortu. Hurrengoak Iñaki Lopategiren animaliak izan ziren, baina ez zuten marka hobetzeko nahikoa untza egin; Lopategiren idi pareak 40 untza, 2 metro eta 45 zentimetro egin zituen.
Azken proba bietan egon zen benetako lehia. Isidro Erretegia azkoitiarrak 46 untza egin zituen eta garaipena eskuetan izan zuen azken momentura arte. Baina probalekura azken atera zen Garagartza Elkarteak plaza bat gehiago egitea lortu eta jantzi zuen txapela. Asier Alegriak eta Jon Iñaki Urrutiak egin zituzten bietan itzain lanak.
Eskualdeko saria, bestalde, Ziortza-Bolibarko Zubibarrik eraman zuen. 25 untza egin zituen Zubibarrik domekan [apirilak 7] egin zuen proban.
Etxebarriko idi demak El Corte Ingles sariketarako puntuagarriak izan dira.