Lekeitioko musika eskolak euskal abestiekin ospatuko du laugarren Musikaia Eguna
Musika Eskolan elkartu eta bertatik ekingo diote 17:30ean, plazarainoko kalejirari, elizari buelta emanda. Txokolatada egongo da emanaldiaren ondoren.
Musikaia Musika Eskolak laugarren Musikaia Eguna ospatuko du barikuan [apirilak 12] herritar guztiekin batera. Eskolaren bosgarren urtebetetzea aitzakia, kalera aterako dira musika herri osora zabaltzeko. Aurten berriz, plazara itzuliko da Musikaia Eguna. Iaz Limoneroan egin zuten, baina txiki gelditu zitzaien, jendez gainezka egon zen Limoneroa. Hori dela eta, leku gehiagoren faltan, plazara bueltatzea erabaki dute.
Musika Eskolan elkartu eta bertatik ekingo diote 17:30ean, plazarainoko kalejirari, elizari buelta emanda. Trikitixa eta Pandero Taldeak gidatuko ditu musikariak eta irakasleak plazaraino. Bertan izango dituzte zain Txistu Taldekoak ere, kalejiragaz batera jotzeko.
Musikaiako arduradunek aurreratu dutenez, 18:00etan hasiko dute emanaldia, Txistu Taldekoen errepertorio txikiaren ostean. Eskolako txikienetik hasi, 6 urte, eta 16 urte bitarteko ikasleek egingo dute kantuan: Musika Tailerra 1 eta 2, Koral Txiki, Koral Gazte eta Kantakai Koralak. Bakoitzak kanta bana abestuko ditu, eta orokorrean errepertorio euskalduna eskainiko dutela zehaztu du Oihana Etxabe Musikaiako zuzendariak. “Sorotan Beleren Arratsalde honetan edota Maixa eta Itziarren Illuntzean abestiak kantatuko ditugu besteak beste”.
Eguna jai giroan amaitzeko, gainera, txokolatada antolatu dute, eta beraz, 18:30etik aurrera, txokolatea egongo da ospakizunera inguratzen diren ikasle, guraso eta herritar guztientzat.
Bestalde, euria eginez gero, kalejira eta emanaldia bertan behera geratuko litzatekeela azaldu du Musikaiako zuzendariak. Txokolatada, berriz, mantendu egingo lukete. “Kontzijopean egingo genuke txokolatada, 18:00etan”.