Tarinek kontzertu didaktikoa eskainiko du Berriatuko eskolan
Herriko txikienek musika tresna ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute barikuan (apirilak 12). Bestalde, Kaxero Gaupaseroren jaitsierarako lehenengo entsegua gaur (apirilak 11) egingo dute, 19:00etan.
Berriatuko Tarine udal musika eskolak kontzertu didaktikoa eskainiko du barikuan (apirilak 12), 10:00etan hasita, Berriatuko eskolan. Musikaz Eskolara izenburupean, herriko txikienei instrumentu ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango diete. Ekintzari amaiera emateko erromeria txikia egingo dute, 11:15 aldera.
Aurreko urteetan egin modura, Tarineko musikariak ikasgeletan banatuta egongo dira, nor bere instrumentuagaz. «Ikasleak taldeka banatuko ditugu, eta taldeka ikasgeletatik pasatzen joango dira».
Jaitsierarako entseguak. Ekintzaren helburua herriko txikienek musika tresnak ezagutzea eta Tarinekoek egiten duten lana ezagutzera ematea dela esan dute. Ekintza hori eginda, Tarinekoek Aste Santuko oporrak hartuko dituzte.
Bestalde, eguenean (apirilak 11) eta maiatzaren 2an, San Gregorio jaietako Kaxero Gaupaseroren jaitsiera entsegatzeko hitzorduak ere ipini dituzte. «Entsegua 8 urtetik gorako herritar guztientzako da, eta 19:00etan izango da, Tarineren egoitzan».
Bestalde, martxoan egindako ukelele tailerraren balorazio positiboa ere egin dute. «Hamazazpi herritar inguruk parte hartu zuten, eta aurrera begira ere horri jarraipena emateko gogotsu agertu dira, topaketaren bat antolatuta edo».