Erabilgarri dago Lekeitio Route app berria
Mugikorraren bidez lagunduta Lekeitioko alde zaharra ezagutzeko aukera eskainiko du aplikazioak. Sistema berritzailea erabili dute sortzeko.

Lekeitioko Udalak Lekeitio Route App berria aurkeztu du gaur [apirilak 11], Barandiaran aretoan egindako ekitaldian. Lekeition Aste Santuko oporrekin batera hasten dutela uda sasoia gogora ekarri du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, eta ordurako prest eduki nahi izan dute aplikazio digital berria. «Aste Santuagaz hasiko gara, maiatzean ere ekimen indartsuak ditugu, ibilaldia esaterako, ia 80 mila pertsona itxaroten ditugu, eta gero uda dator».
Leartibai Garapen Agentziagaz batera jarri du martxan udalak, erreminta berria. Fitur-en egin zuten lehen aurkezpena eta gaurtik erabilgarri dago. Alkateak aitatu zuenez, teknologia berrien erabileraren aurrean turismo bulegoetako bisitariak gutxitzen ari dira, eta eurak ere aplikazio berrien bidea hartzea erabaki dute. «Etorkizuna hori da, sortu dugun app berria eta webgunea ere mugikorretara egokitua egongo dira». Momentuz alde zaharrean zehar mugitzeko aukera emango du aplikazio berriak, baina hori hasiera besterik ez da izango. «Beste ibilbide batzuetara zabaltzea ere espero dugu aurrerago».
App-aren helburua bisitariari herria ezagutzen laguntzea zela azaldu du Nekane Irusta Leartibai Garapen Agentziako teknikariak. Erabilera erraza izango du. «Audio gida azkar eta erabilgarri bat da. Deskargatuz gero, ez da gauza gehiegi egin behar».
Eskuragarri dago, gainera, 24 orduz eta urte osoan, beraz bisitariak edozein momentutan erabil dezake. «Ez du bakarrik ondareari buruzko informazioa ematen, herriaren aurkezpen bat egiten du». Bestalde, app-aren bidez bisitarien datuak ere lortuko dituzte teknikariek.
Geedary teknologia berritzailea erabili dute dute sortzeko, eta bluetooth balizen bitartez funtzionatzen du sistemak. «App Store edo Google Play bidez jaitsi daiteke daiteke; kobertura barik dabil eta ez du eraginik ingurunean».
App-agaz gainera, eskuorri berriak kaleratuko dituzte udara begira, eta web orri berria ere amaituta egongo da.