Hiru pertsona atxilotu dituzte Markina-Xemeingo enpresa batean lapurtzea egotzita
Industriguneko enpresa batean lapurreta gertatzen ari zela jakinarazi zion lekuko batek ertzaintzari. Hiru pertsona aurkitu zituzten barruan.

Ertzaintzako agenteek bi emakume eta gizonezko bat atxilotu zituzten atzo [apirilak 11] enpresa batean lapurtzea leporatuta. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezustean atzeman zituzten delitugileak furgoneta batean aluminiozko lingoteak eta xaflak eta materiala kargatzen ari zirenean. Itxuraz, lapurrak, oinezkoen atea bortxatu eta sartu ziren enpresara, eta barrutik ireki zuten furgoneta enpresara sartzeko atea.
Azaldu dutenez, atzo, 20:30 inguruan, industriguneko enpresa batean lapurreta gertatzen ari zela jakinarazi zion lekuko batek ertzaintzari. Patruilak iristean, enpresaren barruan hiru pertsona aurkitu zituzten, bi emakumezko eta gizonezko bat, bai eta aluminiozko materialez eta altzairu tratatuko piezez kargatutako furgoneta bat ere.
Ebidentzia horiek ikusirik, agenteek ustezko lapurrak atxilotu zituzten, 54 urteko gizonezko bat eta 46 eta 48 urteko emakumezko bi. Guztiei indarra erabiliz egindako lapurreta-delitua egotzi diete. Atxilotuak epailearen aurrera eraman zain daude.