Klika egiteko orduak heldu dira
01:20ak aldera Ispasterretik sartuko da Lea-Artibaira, eta 06:30ak igarota agurtuko dute mutrikuarrek. Domekan Gasteizera joateko autobusak jarri dituzte.
Bedarutarren eskutik hartuko dute bihar goizaldean lekukoa ispastertarrek. Gauez Lea-Artibai zeharkatu ostean, bariku goizean goiz, kresal usainagaz agurtuko dute mutrikuarrek.
Hain zuzen, Bai Txo! elkartearena izango da azken kilometroetakoa (1.910 km, Galbaixon). Ingalaterratik lekukoa eramatera propio datorren Dylan Inglisek eta Mintzalagunek eramango dute lekukoa. Inglis gazteak euskara batua ikasi zuen eta euskalkiak ikasten ari da.
Herrietako kaleetan zein errepide bazterretan, anekdota eta bitxikeria asko utziko ditu beste behin, Korrikak. Goizaldeko ordu txikietan, euskararen eta korrikaren aldeko hotsak entzungo dira, herriz herri. Etenik barik eta neke arrastorik barik egingo dute korrika bertoko bizilagunek.
Eta lekukoaren iritsieraren zain dauden bitartean, herri askotan jai giroan elkartuko dira herritarrak. Esaterako, Ondarruko Gazte Mugimenduak ere egitarau oparoagaz emango ditu Korrika aurreko orduak. 19:30ean Alde Zaharretik Karropoteu egingo dute, eta 22:00etan berdel jana dute Gaztetxean. Ondoren, The Oiers taldearen kontzertua daukate, eta jarraian gazte kilometroa prestatuko dute, mozorro eta guzti (1.900km dute, Errentexan).
Korrika igarota, mutrikuarrek txokolatea gosaltzeko aukera izango dute, 06:00etatik aurrera, Lagun Artea elkartean (futbol zelaiaren aurrean dagoen elkartea).
Txikiak, aurretik eta ostean. Hitzordu handi bezain bereziaren aurretik, baina, Mutrikuko ikastetxeetako ikasleak Korrika Txikieta batuko dira. Bariku goizean [apirilak 12] Markina-Xemeingoek eta Etxebarrikoek hartuko dute Korrika Txikiaren lekukoa, eta arratsaldean, berriz, Berriatukoek eta Munitibarkoek. 21. Korrika ez da Ziortza-Bolibarretik pasatuko, baina, zapatuan, petoak dotore margotuta aterako dira Korrika Txikian.
Gasteizera, autobusean. Domekan Gasteizen amaituko da 21. Korrika; eguerdian, Andra Maria Zuriaren plazan egingo dute amaiera ekitaldia. Amaiera jaira joan nahi dutenentzat autobusak jarri dituzte. Ondarroako eta Markina-Xemeingo euskaltegietan zein Korrika dendetan izena eman daiteke. Ondarroan, 09:00etan jarri dute irteera-ordua Zaldupeko zubian, eta Markina-Xemeingo autobus geltokian 09:30ean.
21. KORRIKA (ordutegia):
- Ispaster: 01:20
- Lekeitio: 01:32
- Gizaburuaga: 01:51
- Aulesti: 03:09
- Markina-Xemein: 03:40
- Berriatua: 04:47
- Ondarroa: 05:06
- Mutriku: 06:00