Maiatzaren 5ean egingo dute Lekeitio-Lekeitio Mendi Martxa
Ibilbide luzea eta laburra egongo dira aukeran. Aldez aurretik izena emateko epea apirilaren 30era arte dago.

Lekeitio-Lekeitio Mendi Martxa maiatzaren 5ean (domeka) egingo dute, eta martxan parte hartu nahi dutenek hilabete honetan izena eman behar dute. Hain zuzen, apirilaren 30era arte (martitzena) ezarri dute aurretiazko izen ematea.
Lekeitiko Udalaren webgunean ( lekeitio.eus ) edo Santi Brouard udal kiroldegian ( 94-624 30 05) izena eman behar da. Ibilbide luzea eta laburra daudenez, izen ematean ordaindu beharrekoa ibilbidearen araberakoa da. Martxa luzea egiteko aldez aurretik izena ematen dutenek, 13 euro ordaindu behar dituzte, eta laburra egiteko, berriz, 11 euro. Ibilbide luzea zein laburra egiteko, egunean bertan izena emanez gero 15 euro ordaindu beharko dira. Hala ere, 14 urtetik beherakoentzat prezio finkoa ezarri dute: 8 euro.
Ibilbideak. Ibilbide luzea 21,5 kilometrokoa da eta laburra 9,5 kilometrokoa. Maiatzaren 5ean, martxa luzeko parte hartzaileak 08:00etan aterako dira Lekeitioko plazatik, eta laburrekoak, ostera, 10:00etan. Ibilbideotan antolakuntzako kideak egongo dira partaideei laguntasuna ematen eta anbulantzia zerbitzua ere egongo da.
21,5 km-koa egiten dutenak, Lekeitiotik irten eta Ispaster, Amoroto, Berriatua eta Mendexatik igaroko dira, gero Lekeitiora bueltatzeko. Beste ibilbidekoek Lekeitio, Ispaster, Mendexa eta Amoroto zeharkatuko dituzte. Hornidura guneak Kostatzan (Oleta) eta Mendexan jarriko dituzte, eta bukaeran hamaiketakoa jateko, parte hartzaile guztientzat pintxoak prestatutako edukiko dituzte, plazan. Gainera, plaza azpiko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dituzte gura dutenek.
Hala, informazio gehiagorako edo galderak egin zein zalantzak argitzeko 94 624 30 05 zenbakira deitzeko edo kiroldegia@lekeitio.eus posta elektronikora idazteko eskatu dute.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, parte hartzaileek eta haien familia eta lagunek Trinketeko aterpetxean %10eko deskontua izango dute, aurreko gaba bertan igaro nahi izanez gero.