Korrika Txikiko lekukoa ere, eskutik eskura, Lea-Artibai eta Mutrikun
Korrika nagusia Gasteizera heldu bitartean Korrika Txikietan parte hartzen jarraitzen dute Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek. Ziortza-Bolibarkoak izango dira azkenak lekukoa hartzen, bihar.
Xemeindik Zelaira arteko ibilbidea egin du gaur [apirilak 12] goizean korrika txikiak Markina-Xemeinen. Eskutik eskura eraman dute euskararen lekukoa herriko ikastetxeetako ume eta gazteek. 11:30ean irten dira Xemeindik eta Urbitarte, Azpiko Errota, Bekobenta, Artibai Kalea, Osteko kalea, Frai Bartolome, Iturritxu, Karmengo kalea, Zelaigunea, San Agustin eta Xemein etorbidea igaro dituzte Zelaiari buelta emonez amaitzeko. Emozioa izan da nagusi herriko ikasleen artean, irakasle, guraso eta herritarrek lagunduta egin dute korrika “pozik”. Gauean irtetzeko aukerarik eduki ez dutenek, gaur goizean egin dute Klika.
Etxebarrian ere astindu dituzte oinak euskararen alde. Manuela Zubizarreta ikastetxekoak goizago atera dira kalera. 10:30ean izan dute ordua eskolatik irtenda herrian korrika egiteko. Errekarte, Irubide eta Ibaunerditik igarota Ibaiondo plazan amaitu dute Korrika Txikia. Munitibarren ere gaur atera dira kalera herriko ikasleak euskareren alde korrika egiteko, eta Cikautxo sarreratik hasi eta herrigunera arte eraman dute Korrika Txikiaren lekukoa berriatuarrek. Ilusiorik eta gogorik ez dute falta izan korrikalariek.
Korrika nagusia eskualdera heldu aurretik ere eskutik eskura ibili da euskararen aldeko lekukoa, herriz herri. Atzo [apirilak 11] Ateatik hasita zeharkatu zuen Korrika Txikik Lekeitio goizean. Ikasleak izan ziren lekukoa eramatearen arduradunak; irakasle, guraso eta herritarrez lagunduta osatu zuten Independentzia plazarainoko ibilbidea. Nagusienak izan ziren testigua hartzen lehenak, eta txikiek hartu zuten txanda amaieran. Klika hitza irudikatu zuten, amaitzeko, denek batera plazan. Mutrikun ere egin zuten atzo Korrika Txiki.
Bihar [apirilak 13] berriz, jantziko dituzte petoak Ziortza-Bolibarko Korrika Txikiko partaideek. 18:00etan hasiko dira korrika plazatik eta herrian zehar buelta emanda, bera izango dute helmuga ere. Ibilbidea hurrengoa izango da: Plaza, Kanterape, Iñiñekua, Errota, abadetxea, Beresipe, Behekozubi, Urua, Kaltzaburu, musea eta plaza.