Elizperockek musikazalez bete du Etxebarria
Musika ekarri du goizetik Elizperock jaialdiak, eta musikazaleek ez dute galdu nahi izan. Eskualdeko hamazortzi talderen doinuekin gozatzeko aukera egon da.
Ordu denak dira onak musika ona entzuteko, eta horren erakusle izan da gaur [apirilak 13] Etxebarrian ospatu duten Elizperock jaialdia. Lea-Artibaiko musika taldeen oholtza bihurtu da bigarren urtez ere jaialdia, eta goizetik gauera estilo ezberdinetako musikaz gozatzeko aukera eduki dute Etxebarrira hurreratu diren musikazaleek. 11:30ean entzuten hasi dira lehen doinuak eta goizaldera arte ez dute etenik edukiko.
Eskarmentu eta entzute handiko taldeek zein agertokira lehenengoz atera direnak osatu dute gaurko jaialdiko egitaraua. Entzule batzuk gustuko duten taldearen kontzertura joan badira ere, beste askok talde berriak ezagutzeko aukera aprobetxatu nahi izan dute. Izan ere, hamazortzi talde edo musikariren kontzertuak eskualdean eta doan entzuteko aukera gutxitan egoten da, eta horrelakoak “ezinbestean” aprobetxatu behar direla aitatu dute batzuk.
Batetik bestera. Gutxi gora behera 45 minutuko emanaldiak izan dira, estilo denetakoak: rock, pop, metal, new age… Herriko tabernetan hasi dira, lehenengoa Otsolon (Liyura), bigarrena Olaia aurrean (Lili Txakartegi) eta hirugarrena Irubide parean (J), eta arratsaldeko kontzertuak hasi arteko tartea eskualdeko hiru bertsolari ezagunek girotu dute. Lander Ibarluzea Aitxulua etxebarritarrak, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak eta Xabat Galletebeitia lekeitiarrak jai giroagaz bat egin eta umorea eraman dute bertsotara. Bero apur bat ere jasan behar izan dute, bertsotan aitortu dutenez, rock giroagaz bat egin nahian beltzez jantzita etorri dira eta.
Tabernatik tabernara trikiti eta pandero doinuak izan dituzte bertsolariek lagun, Iraide eta Naroa Baskaran, Ander Salaberria, Jon Kastillo eta Zaloa Zenarrutzabeitia herriko trikitilarienak, eta taberna guztietan geldialdia eginda, azken bertsoak Lea oholtzan kantatu dituzte, Ondarroako Putz taldeari txanda pasatuz.
Eguraldi ederrak lagundu du jaialdia aurten ere, eta publikoak goizetik jarraitu ditu emanaldiak.