Emakumeen lana oinarri hartuta dator aurten Artedrama topaketa
Astelenetik zapatura zortzi ikuskizun eskainiko dituzte. Besteak beste, Azkona & Toloza taldearen ‘Tierras del Sud-Bilduma’ lana estreinatuko dute Aulestiko arte eszenikoen plazan.
Pazko Astea. Aulesti. Hamaika sortzaile, sorkuntza eta mugimendua. Arte eszenikoen erakusleiho zabala da Artedrama. Askotarikoetatik askorengana zabaldua.
Astelehenetik zapatura egingo dute XIV. Artedrama topaketa. Aurten emakumeak izango ditu ardatz; emakumeen lana oholtzan zein sortze prozesuetan. Era berean, tailerren ardura ere emakumezkoek izango dute.
Ohi legez, eztabaida eta hausnarketaren ondorioz egindako eskaintza dakarte, eta Iasone Paradak azaldu du emakumeei ikusgarritasuna ematearen garrantzia eta zergatia: “Iaz hausnartzen hasi ginen, antzerkiaren panoraman emakumeak oso ekarpen interesgarriak egiten dabiltzalako, eta agian, ez daukatelako nahikoa ikusgarritasun. Gu antzerki talde bat gara, baina, Aulestin badaukagu plaza bat eskaintzeko, eta aurtengoari begira, eztabaida horretatik erabaki genuen ikusgarritasun hori lantzen saiatuko ginela”.
Hala, aurtengo topaketetan gauzatu dute. Modu irekian ikuskizunak eskainiko dituzte, astelehenetik eguenera, udal aretoan. Barikuan eta zapatuan jende gehiago hurbiltzen denez, kalean eta frontoian. Izan ere, duela urte batzuk nabaritu zuten aretoa txiki geratzen zitzaiela jende gehiago dagoen egunetan.
Ikasgelatik oholtzara
Ahal duten neurrian, irakasleek ikuskizunetan ere presentzia edukitzen dute. “Momentu horretan zerbait badaukate martxan, zerbaitekin biran baldin badaude, ikuskizun hori ekartzen saiatzen gara”, dio Paradak.
Aurten, esaterako, irakasle lanetan ariko den Getari Etxegarai, Mami Lebrun ikuskizuneko zuzendaria da. Halaber, Estitxu Zaldua Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak ikuskizuneko sortzaile, bultzatzaile eta antzezlea da, eta Naida Azkona Tierras de Sud-Bilduma-ko bultzatzailea eta interpretea. “Gelan landu eta ezagutzen duten unibertso horrek oholtzan zer ematen duen ikusteko aukera eskaintzen saiatzen gara”. Horrek ere aberasten du topaketa.
Tierras de Sud-Bilduma lana estreinatuko dute Aulestin. “Kalea eta barrua nahasten” dituen lana da. Bartzelonan finkatuta dagoen sortzailea da, han jarri du martxan eta prozesuaren parte batzuk han erakutsi ditu, baina, Euskal Herrian eskainiko duen lehen aldia da. Plazan abiatuta, ikuskizun ibiltaria izango da.
Mamin Lebrun-ek, aldiz, ibilbide luzea egin du. Esaterako, iaz, Donostia Antzerki Saria jaso zuen. Kepa Errasti da sortzailea, eta oholtzan ere badago. “Aulestiko ikasle ohia da. Guretzat poz handia da berak bere ikuskizuna ekarri ahal izatea eta bukaera ematea ospakizun giro batean”.
Irakasle denak emakumeak dira (lehen erdiak emakumeak ziren eta beste erdiak gizonak), eta ikuskizunak ere ia denak emakume zuzendariek egindakoak dira eta bestela sorkuntza prozesu kolektiboak emakumeen artean egiten dituztenak.
“Horrelako proiektu batek interesa sortzen duela jakitea albiste pozgarria da”
Sortzaileen artean zein oholtzan emakumeen presentzia azpimarratzeaz gain, ikuskizunetan oreka sortzen saiatzen dira, ikusi gabeak edo gutxi ikusiak izan diren gauzak ekartzen, alegia. “Zirkuitutik apur bat kanpo daudenak»” Adibidez, Manifestu bat ikuskizuna Miren Tirapu nafarrarena da, eta orain arte hiru bat emanaldi egin ditu Nafarroan, eta handik kanpoko lehen aldia izango da, “oso berria da, oso freskoa”. Bizimiñak ere Berakoak dira, 7ak Bat Bilbokoak eta Zapatak gipuzkoarrak.
Tailerretan hamalau pertsonako talde mugatua dago, eta urtero harrera ona dute. “Ezusteko handia izan da aurten. Lehen hamar egunetan 20 bat eskaera izan genituen”. Behin baino gehiagotan egondakoei, beste batzuei lekua uzteko eskatu behar izan zieten: “Jende berria datorrela eta horrelako proiektu batek interesa sortzen duela jakitea albiste pozgarria da”. Udazkenean hiruzpalauk lekua gordetzeko idatzi zietela kontatu du: “Hori izugarria da. Lanean ari ginen baina oraindik ez zegoen ia ezer zehaztuta. Jendeak proiektu honi konfiantza handia diola erakusten digu horrek. Oso seinale ona da eta pozik gaude”.
EGITARAUA:
- APIRILAK 22, ASTELEHENA
21:00. 7ak Bat (Atx Teatroa), udal aretoan. - APIRILAK 23, MARTITZENA
21:00. Zapatak (Ainhoa Alberdi eta Jurdana Otxoa), udal aretoan.
21:30. Bizimiñak (Itzel produkzioak), udal aretoan. - APIRILAK 24, EGUAZTENA
21:00. Fiñistterre (Txiflando Antzerki Tailerra), udal aretoan.
21:30. Manifestu bat (Beheko Larraine), udal aretoan. - APIRILAK 25, EGUENA
21:00. Tierras del Sud-bilduma (Azkona & Toloza), herriko plazan. - APIRILAK 26, BARIKUA
22:00. Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak (Rubik), frontoian. Sarrera 5 euro. - APIRILAK 27, ZAPATUA
22:00. Mami Lebrun (Xake produkzioak), frontoian. Sarrera 5 euro.