Ander Okamika lekeitiarrak Getariako triatloia irabazi du
420 triatletak parte hartu zuten Euskal Herriko zirkuituko lehen hitzorduan. Mireia Arrillaga lekeitiarra podiumera igo zen hirugarren postua eskuratuta.
Getarian hasi zuten domekan triatletek Euskal Herriko Triatloi denboraldia. 420 parte hartzaile egon ziren eta gizonezkoetan irabazlea Ander Okamika lekeitiarra izan zen (01.01.55). Emakumezkoetan, berriz, Helene Alberdi nagusitu zen. Alberdigaz batera igo ziren podiumera Usoa Ostolaza eta Mireia Arrillaga lekeitiarra. Garraitz Kirol Taldekoak hirugarren postua eskuratu zuen (01:14:27).
Garateko aldapak erabakiorrak izan ziren, irabazleak buruan jarri ziren bertan, eta bizikletako saioan lan txukuna egin ondorengo 5 kilometroko oinezko lasterketa ere bikain burututa ailegatu ziren helmugara.
Okamika eta Arrillagagaz gainera, emaitza bikainak eskuratu zituzten Lea-Artibai eta Busturialdeko beste triatleta batzuk ere. Yepa! Triatloi Klubeko Naia Ozkorta lekeitiarrak 7. postua lortu zuen (01.18.14) Amanadarri Triatloi Taldeko Haritz Garate 8. postuan helmugaratu zen 01.04.56 denbora eginda, eta Ondarroako Koaxi taldeko Ioana Osak 9. postua eskuratu zuen triatloia 01.19.15 denboran osatuz.
Amandarriko Mikel Arrasate 14. postuan helmugaratu zen, Arrasatek kadete mailako garaipena ere eskuratu zuen. Beteranoetan ere aurrean ibili ziren bertokoak. Zorion Kareaga markina-xemeindarrak bigarren egin zuen beteranoen 1. mailan eta IƱaki Mendieta lekeitiarrak 3. mailan. Junior kategoriako bigarrena eta laugarrena izan ziren Garraitz taldeko Aratz Aizpurua eta Igor Ruiz.
Lekeitioko Amandarri hirugarren sailkatu zen talde modura ANB eta Arabatri taldeen ondoren. “Oso pozik gaude egindako lanagaz. Duatloian Espainiako txapeldun eta azpitxapeldun geratu dira talde bi horiek eta”.