Karmele Mitxelena Etxebestek irabazi du 2019ko Peru Abarka Lehiaketa
Hitz eta pasarte landu eta dotoreekin irakurlea harrapatzen duela azaldu du epaimahaiak. Narrazioa aukeratuta, ilustratzaileen atala zabaldu dute.
Karmele Mitxelena Etxebesteren Erakusleihoan lanak eraman du 2019ko Peru Abarka Lehiaketaren narrazioko onenaren saria. Hitz eta pasarte landu eta dotoreekin irakurlea harrapatzen duela azaldu du Iñaki Aldekoak (Erein), Mari Eli Ituartek (Markina-Xemeingo Udala) eta Patxi Zubizarretak osatutako epaimahaiak, idazkari lanetan, aldiz, Igor Idoeta Markina-Xemeingo Herri Bibliotekako arduraduna aritu da.
Epaimahaikideek jakinarazi dutenez egileak harreman latz eta hotza kontatzen du narrazio horretan, baina irakurlea harrapatu eta bereganatzea lortzen du, “hitz eta pasarte landuak eta dotoreak baititu”. Zehaztu dutenez, pertsonaia nagusien bizitzei kontrapuntua jarri nahian erabiltzen ditu, akaso, hiltz dotore eta landu horiek. “Egoeren deskribapenetan bost zentzumenak jarri ditu dantzan eta zenbait pasartetan: begiak itxita hobeto usaintzen da portua gailen agertzen dira”. Tonu tristea, malenkoniatsua, da nagusi, baina azken finean kontatzen duen hori ere halakoxea dela aurreratu dute.
Sari hau ez da Mitxelenak lortzen duen lehenengoa, hainbat sari lortu ditu prosa nahiz poesia lehiaketatan, Ordiziako Lazkao Txiki, Mungiako San Antontxu, Durangoko Julene Azpeitia eta Oreretako Zapirain anaiak bertso paper lehiaketak, Oreretako Errenteria Hiria ipuin lehiaketa, Zumarraga-Urretxuko Iparragirre narratiba saria, Ordiziako Kimetz literatura lehiaketa, Lasarteko Mikrokontakizun lehiaketa edota Gordexola Harana ipuin lehiaketa irabazi ditu besteak beste.
Ilustratzaileen txanda. Narrazio onena aukeratuta, ilustrazioen atala zabaldu du, orain, Peru Abarka lehiaketak, aukeratutako narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratzeko. Ilustratu beharko den narrazio-testua Peru Abarkaren blogean egongo da eskuragarri euskaraz, eta behin-behineko itzulpenean, gaztelaniaz. Narrazio horretan oinarrituta ilustrazio bikoitza, portadaren zirriborroa eta Story board proposamenaren zirriborroa aurkeztu behar dituzte parte hartzaileek.
Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu edo postaz bidali daitezke. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2019ko ekainaren 21era arte.