Ondarroako EAJk herritarren "bizi kalitatea hobetzeko" eta "etorkizun oparorako oinarriak finkatzeko" lan egingo du
Azaldu dutenez, esperientzia, hurbiltasuna eta ilusioa duten gizon-emakumeek osatzen dute maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako EAJk aurkeztutako taldea. "Ondarroa merezi duen tokian jartzea da gure nahia, bai Bizkaian eta bai Euskadin, beti ere herritarren beharrei eta nahiei begira".
Hauteskundeen harira abian jarritako parte hartze prozesuari esker, herritarren kezka eta eskaerak nagusiak aparkalekuak, garbitasuna eta irisgarritasuna direla ondorioztatu dute jeltzale ondarrutarrek. “Galdetegien %55,2tan agertzen da aparkalekuekiko kezka, batez ere herritarrei begira, baina baita ere turismoaren ikuspegitik; jendea herrira etortzeko ezinbesteko faktorea ere badelako”.
Jeltzaleek diote ezin dela ukatu Ondarroak aparkatzeko lekuen premia duenik. “Esan beharrik ez dago arazo hori konpontzeko zerbati egin behar dela”, esan du Maria Dolores Etxano Ondarroako EAJren zerrendaburuak.
Erantzunen %26,3 herriaren garbitasun ezari dagozkiola gaineratu dute. “Batzuetan pintaketak eta pankartak salatzen dira, beste batzuetan txakurren kakak, eta askotan biak aipatzen dira. Argi ikusten da ondarrutarrek herri garbiago eta txukunagoa nahi dutela”. Galdera horrekin lotutako balorazioan, garbiketa eta mantentze arloko herriko zerbitzuek “nahikoa nota baxua” jaso dutela gaineratu dute; zabor bilketa ondo baloratu dela esan dute.
Irisgarritasun gabeziak ere aipatu dituzte galdetegia erantzun duten %11,8ak. “Inkestek erakusten dute Kale Handi eta Arta Bide kaleetan igogailuak jartzeko beharra dagoela, gure nagusien bizitza erosoagoa eta lasaiagoa izan dadin”.
Ondorioz, etorkizunera begira “ezkortasuna eta ilusio falta” antzeman dituztela diote: “ekonomiaren inguruko kezka, arrantzaren krisia eta lan faltaren ondorioz biztanleria jaitsieraren arazoa aipatu dituzte askok”. Bada, horren guztiaren aurrean, Ondarroako EAJk “alternatiba eraginkor” bat eskaintzen duen egitasmoa aurkeztuko duela esan du, “azken urteotan eman den paralisia eta zoritxarreko ezbeharrak atzean utzi eta aurrera egiteko”.
Beraz, herritarrek egindako iradokizunak kontuan hartuta, herritarren eguneroko bizi kalitatea hobetzeko eta etorkizun oparo baterako oinarriak finkatzeko lan egingo dutela esan dute. “Ondarroa merezi duen tokian jartzea da gure nahia, bai Bizkaian eta baita ere Euskadin, beti ere herritarren beharrei eta nahiei begira”.
Bide beretik, Etxano pozik agertu da herritarren artean zabaldu duten galdetegiak eduki duen erantzunagaz. “Herritarren partaidetza eta inplikazioa izugarria izan da; jende ugari hurreratu da kalean jarri ditugun mahaietara proposamenak egitera. Ikusi dugu ondarrutarrak herrimaiteak direla eta eta gogotsu daudela herriak hoberantz egin dezan”. Jaso dituzten erantzunak profil ezberdinetako herritarrenak direla azpimarratu dute.
Galdetegia zabaltzeaz gain, Ondarroako jeltzaleek mahai inguruak ere antolatu dituzte herriko hainbat gizarte eragilerekin. Etorkizuneko Ondarroa diseinatzeko gaur egungo errealitate politiko, ekonomiko eta soziala kontuan hartuko dituztela diote. “Horretarako, udalaren baliabideak, langileen panifikazioa eta kudeaketa ekonomiko egokia erabili eta egingo ditugu, nahitaezkoak diren proiektuak aurrera ateratzeko eta herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak bermatzeko. Hori egiteko, ezinbestekoa da udalaren eta herritarren artean etengabeko komunikazioa egotea, arreta zerbitzu egokiekin”.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako Ondarroako EAJren zerrendakideak:
- 1- Maria Dolores Etxano Varela
- 2- Aitor Basterretxea Alberdi
- 3- Adina Carril Azkarate
- 4- Maria Rosario Iriondo Lejardi
- 5- Adrian Osa Ibarloza
- 6- Gorka Badiola Etxaburu
- 7- Aitor Maruri Txurruka
- 8- Miren Agurtzane Urresti Azpiri
- 9- Jon Aitor Oiarzabal Iriarte
- 10- Estibaliz Iraolagoitia Urrutia
- 11- Juan Mari Etxaburu Urrutia
- 12- Miren Josune Solabarrieta Aznar
- 13- Arantzazu Akarregi Akarregi
- Ordezkoak
- 14- Ainhoa de la Hoz Alonso
- 15- Joseba Arantzamendi Etxaburu
- 16- Miren Nekane Landaribar Basterretxea