Pintxo Bidea lehiaketa estreinatuko dute Markina-Xemeinen
Lehiaketan parte hartuko duten ostalaritzako establezimendu guztiek ekitaldi honetarako propio prestatutako pintxo bana aurkeztuko dute. Zortzi dira, guztira.
Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak antolatuta lehen Pintxo Bidea egingo da Markina-Xemeinen. Herriko zazpi taberna eta jatetxe batek parte hartuko dute sukaldaritza ekimenean: Iruzubik, Zeharkak, Melo’sek, Narokik, Sebasek, Vegak, Irurokek eta Niko Jatetxeak. Horiek guztiek beren beregi lehiaketarako prestatutako zortzi pintxo dastatzeko aukera egongo da eguenetik domekara [maiatzaren 2tik 5era].
Eguerdian eta arratsaldean egongo dira lehiaketako pintxoak salgai 1,30 euroko prezioan. 12:30-14:30 eta 18:30-21:30 ordutegia zehaztu du, gutxienez, Hemen be bai elkarteak, hala ere, ostalarien arabera ordutegia zabalagoa ere izan daitekela azaldu dute. Gainera, taberna bakoitzak lehiaketara aurkezten duen pintxoaren argazkia edukiko du bistara, eta osagaiak ere jakinaraziko dituzte. Bestalde, Niko Jatetxearen pintxoa Vega tabernan egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Pintxo onena aukeratzeko, epaimahaia igaroko da eguenean [maiatzak 2] taberna guztietatik. “18:30ean gutxi gorabehera establezimendu guztietatik igaroko dira pintxoaren xehetasun guztiak ezagutu eta baloratzeko. Kontuan hartuko dira, zaporea, testura, prestatzeko zailtasuna eta itxura”. Epaia, berriz, maiatzaren 10ean emango du jakitera Hemen be bai elkarteak, eta sariak maiatzaren 11n ospatuko den Baserri Egunean emango dituzte. Hiru sari banatuko dituzte, pintxo onenaren 100 euroko saria eta 50 euroko 0km saria parte hartzaileen artean, eta beste bat bezeroen artean. Ostalaritza establezimenduek, gainera, diploma bat ere eramango dute sari modura.
Bezeroen saria. Bezeroen saria lortzeko triptiko batzuk osatu beharko dira. “Probatu den pintxoari dagokion laukitxoan zigilua jartzen joan behar da, eta zortzirak osatutakoan triptikoa elkartearen buzoira bota behar da, bertan eskatzen diren datuak beteta”. Triptikoak udaletxeko harreran eta herriko taberna eta dendetan egongo dira eskuragarri, eta maiatzaren 11 orduko bota beharko dira Hemen be bai elkarteak Artibai kalean daukan buzoira. Irabazleak herriko dendetan gastatzeko 50 euroko txartela lortuko du.