Zaragozan abestuko du Markina-Xemeingo Emeki Koralak
Zaragozako eliza batean emango dute kontzertua zapatu arratsaldean. Euskal folkloreko abestiekin eta gaztelaniazko zein ingelesezko abestiekin osatutako errepertorioa daramate.
Urtero bezala, kontzertu berezi bat emango du Euskal Herritik kanpo, Markina-Xemeingo Emeki Koralak. Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak azaldu duenez, taldearen helburuen artean dago urtean behin behintzat emanaldi bat kanpoan eskaintzea. Horrela, Madril, Logroño eta Burgosen egon dira, eta, aurten, Zaragozara bidaiatzea erabaki dute.
Zapatuan [maiatzak 4] abiatuko da taldea Zaragozara, eta bertako eliza bateko mezan pare bat abesti kantatu ondoren, kontzertu txiki bat emango dutela jakinarazi du Loirak. Euskal abestien errepertorioa eramango dute, “bertoko folklorea ezagutzera emateko”, Jabier Bustoren Maritxu nora zoaz esate baterako, eta irrintzia ere botako dutela aurreratu du. Horrez gain, Kulun Kulunka kanta ere aukeratu dute emanaldirako. “Eva Ugalde musikariaren kanta eramatea erabaki dugu, euskal emakume musikagileen lana ere ezagutu dezaten”, zehaztu du Loirak.
Gaztelaniazko kantak, Habanerak eta ingelesezko beste abesti batzuek osatuko dute egitaraua, eta ez dira faltako koreografiaz lagundutakoak ere. “Hemendik kanpo ez daude koreografiak ikustera ohituta, eta emakumeez bakarrik osatutako ahots zuriko koroa izatea ere deigarria iruditzen zaie”.
Domeka goizean Zaragoza ezagutzeko tartea hartuta itzuliko da Emeki Korala etxera. Bidaia laburra izango bada ere, ilusio handiagaz doazela aitortu du zuzendariak. “Zain egoten gara bidaia hau noiz helduko talde modura harremanak sendotu eta elkarregaz, beste ardura barik, lasai-lasai egoteko aukera ematen digu eta”. Euren lana ezagutzera emateagaz gainera, sorterriaren berri ere emango dute bide batez.