Ander Iruretagoiena zaldizkoa eta 'Euxebio' zaldia, nagusi Mendexan
Iruretagoiena eta bere zaldia dira odol garbietako zaldien modalitateko aurtengo irabazleak, eta gurutzatuetan, berriz, Jose Ramon Garma eta 'Rocinante' zaldia izan dira onenak.
2019ko Mendexako zaldi lasterketak baditu irabazleak. Odol garbien modalitatean, Ander Iruretagoiena Urnietako zaldizkoa eta Euxebio zaldia izan ziren onenak. Gipuzkoarrarentzat hirugarren garaipena jarraian izan da Karraspion. Gurutzatuetan, ostera, Kantabriara joan zen saria; Guriezoko Jose Ramon Garma eta Rocinante zaldia nagusitu ziren.
Kuku Habixa Kultur Elkartearen ordezkariek azaldu dutenez, hamazazpi zaldi zeuden izena emanda, baina, azken orduan bik huts egin zuten, zaldien egoeragatik. Ez zeuden lehiatzeko moduan: “Batena bezperan jakin genuen; bezperan abisatu ziguten zaldia herren zebilela. Eta besteagaz, berriz, Mendexara ekartzeko ibilgailuan sartzerakoan ezbeharren bat izan zuen”. Parte hartu zuten hamabost zaldien artean, bederatzi odol garbiak izan ziren eta sei gurutzatuak. Aurten ez da eskualdeko ordezkaririk egon.
Bestalde, dema polita burutu zuten eskualdeko bi pilotuk. Txus Jaio markina-xemeindar piloto ezaguna, beste behin ere Karraspion ikuskizuna emateko gogoz zegoen, bai eta Iker Mintegia munitibartar moto gidaria ere. Jaio bere Mitsubishi-arekin eta Mintegia bere kart-crossarekin lehiatu ziren eta hiru hamarreneko aldeagaz gailendu zen Mintegia.
Bi pilotuak oso gustura geratu ziren. Zirkuituan lan bikaina egin zuten, eta lehia estua izan zuten. “Oso bateratuta joan ziren hasieratik”. Zazpi buelta eta erdi egin zizkioten zirkuituari, eta buelta guztietan segundu erdi bateko tartea baino ez zuten izan: “Batean bata aurretik eta bestean bestea ibili ziren. Eurak zein ikusleak oso gustura geratu ziren”. Gogora ekarri dute halako ikuskizun bat prestatzen dutenean helburua “oso lehiatua” izatea izaten dela: “Beti ez da izaten oso erraza. Baina oraingoan oso ondo geratu zen, eta halako bi profesionalekin gozamena da. Hondarrean halako bi sartuz gero, ikuskizuna bermatuta dago”.
Alabaina, horiek ez ziren izan banatu zituzten sari bakarrak. Izan ere, Jesus Mari Anakabe Mendexako alkateari oroigarri berezia eman zioten. Orokorrean kirol probak bultzatzeagatik eta batik bat jai batzordeari eta zaldi lasterketak antolatzen laguntzeagatik eskerrak eman nahi izan zizkioten. 8 urtez alkate izan ostean, agintea agurtuko baitu orain. “Beti lasterketak eta kirola bultzatzen eta babesten egon da, eta alkateei aginte makila ematen zaienez, aginte makila eman genion. Aurten kargua utziko duenez, urte guzti hauetan eman digun laguntza eskertu nahi genion”.
Kuku Habixa Kultur Elkarteko kideek beste urte batez izan duten giroa azpimarratu dute. 2.000-2.500 pertsona elkartu ziren: “Aste Santuko egunik konplikatuena izan zen; euria iragarrita zegoen, baina, halere, jende asko batu ginen. Probak egin bitartean aterri egon zen, eta gero bota zuen zaparrada, ordu biak aldera hasi zen euria. Balorazioa oso ona da, oso positiboa. Eguraldiagatik eta itsasbeheragaz ere nahiko arduratuta egon ginen, baina, orokorrean dena ondo atera zen”.