Beste urte batez, jendetza erakarri du Artedramak Aulestira
Pazko Astean hamalaugarrenez egin dute Artedrama topaketa. Programazio zabal bezain emankorragaz gozatu dute Aulestira hurbildu direnek, beste behin.
Hamalaugarrenez egin dute Artedrama, Aulestin, eta topaketak emandakoagaz gustura geratu dira, beste behin. “Orokorrean oso pozik gaude edizio honetan ere. Jendetsua izan da”, adierazi du Iasone Parada Artedramako kideak.
Aurtengo topaketa ere emankorra izan da, eta zenbait irakaspen utzi dizkie parte hartu dutenei. Egindako lanari helduta, eta urteetako ibilbide oparoak erakutsitakoa ardatz hartuta, aurrera begira topaketari eustea da asmoa. “Agian goizegi da hausnarketa sakona egiteko, baina, momentuz mantentzea da aipatu duguna. Gailur batzuetara iristen gaudela uste dugu, zentzu onean; ikasle mailan ezin ditugu gehiago hartu eta ikusle mailan ere ez daukagu espaziorik jende askoz gehiago hartzeko. Aulestik daukan ona hori ere bada”, zehaztu du Paradak. Aulesti gotorleku txiki bat bezala dela dio, eta helburu bezala muga horien barruan ahal denik eta esperientzia onenak bilatzea dutela aitatu du: “Aste horren ondoren, bukaeran, jendeari sentsazio on bat gelditzea nahi izaten dugu”.
Hain zuzen, Aulestin batzen den publikoa leiala eta zintzoa dela nabarmentzeagaz batera, urte hauetan guztietan aldamenean bidelagun izandakoei eskerrak eman dizkiete. “Konplize” hitzagaz definitu dituzte horiek guztiak. “Tailerren parte horrengatik, ikasleei eta irakasleei eskerrak eman genizkien azken egunean, bata bestea gabe ez litzatekeelako posible izango. Etortzen diren ikusleei ere bai oso leialak eta zintzoak direlako; dagoenera etortzen dira eta hori luxu bat da. Era berean, konplize asko ditugu. Udalak beti egin du apustua, eta herrian bertan, aterpetxean, tabernetan edo etxeetan hartzen gaituztenei ere eskerrak eman beharrean gaude. Jendeak oso pertsonalki bizi duen proiektua da eta horiek gabe ez dugu imaginatzen halako topaketa-jaialdi bat egin ahal izango genukeenik”.
Udal aretoan zein kalean edo frontoian egindako emanaldietan jende asko batu dela azpimarratu dute. Eguenetik zapatura asteburu giroa nabaritzen da, eta jende gehiatu batu ohi da. “Astelehenetik zapatura jende asko ibili da. Lehen egunetan herriko eta bailarako jendea mugitzen da batik bat, eta eguenetik aurrera beste leku batzuetatik bide luzeagoa eginda etortzen den jendea ere elkartzen da”. Barikuko eta zapatuko ikuskizunak frontoian izatea polita izan zela deritzote Artedramaren ordezkariek. “Gehienbat antzokietan eskaini diren emanaldiak izan dira. Frontoiak leku gogorragoak dira antzezteko, akustika aldetik desberdina delako eta aretoen epeltasunaren aldean hotzagoak dira; lan egiteko era desberdina da, eta hartzen dena ere desberdina dela uste dugu. Areto batetik kanpo, frontoi batean halako bi emanaldi ikustea polita izan zen”, azaldu du Paradak.
Emakumeak protagonista. Aurtengoan emakumeen lana izan da oinarria. Oholtzan zein sortze prozesuetan egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea eta aitortzea, alegia. Hori ardatz hartuta, tailerretan ere irakasle guztiak emakumezkoak izan dira. Hala, horretan ere asmatu dutelakoan daude. “Ikasleek hasieratik esan ziguten asko interesatzen zitzaiela apustu hori egitea eta hein batean izena emateko arrazoietako bat izan zen batzuentzat. Ikasleak zein irakasleak orokorrean denak oso pozik egon dira, balorazio ona egin dute eta gu ere pozik, noski. Eduki dituzten irakasleekin gauza desberdin asko lantzeko aukera eduki dute, eta horrek ekarpen polita egiten die eurei”.
Besteren artean, Azkona & Toloza konpainiaren Tierras de Sud-Bilduma lana estreinatu dute Aulestin. Eguen gauean eskaini zuten ikuskizun ibiltaria. Halako topaketetan estreinaldiak egoteak laguntzen duela uste badute ere, urtero-urtero jendea leial etortzen dela nabarmendu du Paradak, “eta asteburura begira oraindik eta gehiago”. Alabaina, aipatu emanaldia izan da egitarauko harribitxia. Izan ere, ikusleek entzungailuekin jarraitu zuten saioa. Ibilbidean zehar entzun zuten istorioa. Ikuskizunetan bereziena edota behintzat aurreko edizioekin alderatuta desberdinena izan da: “Polita izan zen 160 bat pertsona herri guztitik horrela ikustea, antzerkiak hori dena nola mugitzen zuen ikustea. Bitxia izan zen, aipagarria”.
Bestalde, agurrerako tartea ere egon da oraingo honetan Aulestin. Xake produkzioak-en Mami Lebrun lanaren azken emanaldiagaz amaitu zuten topaketa, zapatu gauean. Ez dute guztiz itxita, baina, momentuz ez dute beste datarik, eta berez, “despedida” izan zen: “Pare bat urteko ibilbidea duen proiektua da; zaila da ikuskizun batek denboran hainbeste irautea. Momentuz ez daukate beste datarik eta eurak ere beste zerbait prestatzen ari dira. Despedida polita izan zen. Ikusita zeukaten lagunak eta lantaldekoak ere egon ziren”.