Eguen goizean itxiko dute Mutriku-Deba errepidea
Gipuzkoako Bide Azpiegitura saileko ordezkariek Mutrikuko udal ordezkariei jakitera eman dietenez, Mutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepidearen erabateko mozketa eguen [maiatzak 2] goizean burutuko dute. 09:00ak aldera itxiko dute errepidea.
Kostaldeko errepidearen hobekuntza lanak direla eta, bidea lau hilabetez itxita egongo dela aurreikusten da, eta tarte horretan Deba edo Mendaro aldera joan nahi duten ibilgailuek Galbaixora doan GI-3230 errepidea erabili beharko dute nahitaez. Hori bai, tarte horretan kostaldeko errepideko bideren bat zabaltzeko aukera sortzen bada, zabaltzeko ahalegina egingo dutela adierazi dute aldundudiko ordezkariek. “Erabaki hori garaiz jakinaraziko dute”.
Gogorarazi dutenez, gehienez 15 tona eta 10 metroko luzera duten ibilgailuek erabili ahal izango dute Galbaixoko errepidea. “Hortik gorakoak ezingo dira Galbaixotik ibili. Ondarroako sarreran, Itziarko eta Elgoibarko biribilguneetan eta autopistetako irteeretan informazio panelak ipiniko dira garraiolari eta gidarientzat”. Pisu eta luzera handiagoko kamioi eta autobusak AP-8tik edo N-634tik eta BI-633tik (Ondarroatik Trabakura doan errepidea) desbideratuko dituzte.
Laranga auzora sartu nahi dutenek, berriz, Galbaixoko eliza ondotik prestatu duten bide alternatiboa erabili ahal izango dute. “Gogoratu, epe horretan bertako negozioak zabalik egongo direla, eta herritar eta inguruko guztiei eskatzen dizuegu bertara normaltasunez joateko, obraren eragina ahalik eta txikiena izan dadin negozio hauentzako ere”.
Errepidearen mozketak, gainera, eragina edukiko du garraio publikoan. Hain zuzen ere, Ondarroa eta Deba batzen dituen Lurraldebusen DB04 (Mallabia-Deba-Ondarroa), DB05 (Ondarroa-Zumaia), DB06 (Soraluze-Ondarroa) eta DB44G (Mallabia-Ondarroa, gauez) lineetan, eta Deba eta Lekeitio arteko Lurraldebusen DB03 (Lekeitio-Donostia) linean izango du eragina.
Mozketa dela eta, anezka zerbitzua ipiniko dute, mikrobusen bidez. “Deban ohiko ordutegia errespetatuko da, baina Ondarroa eta Lekeitioko jatorriko irteera ordutegiak aurreratuko dira”. Zehatz esanda, 15 minutu arinago irtengo dute autobusek Mutrikutik, Ondarroatik, Berriatutik eta Lekeitiotik. Informazio gehiago nahi dutenek Lurraldebusen webgunean eta mugikor aplikazioan edo 900 300 340 telefonora deituta lortu dezakete.
Autobus aldaketa Debako aparkalekuan egingo dute, DB03 linearen kasuan izan ezik. “Donostiarantz doan autobusa, Hondartza kalean geldituko da (Alamedan), eta Lekeitiorantz doana, aparkalekuaren sarreran”.