Amnistiaren Aldeko Asteko ekintzak, Ondarroan eta Mutrikun
Beste urte batez, ekintzak Lea-Artibai eta Mutrikuko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko kideek antolatu dituzte.
Amnistiaren Aldeko Astearen inguruko lehenengo ekintza barikuan [maiatzak 3] egingo da, Ondarroan. 22:00etan hasita, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte Gaztetxean. Ondoko taldeak ariko dira: Ez Dabil, The New Age, ADR eta Gorrotun Hazixak. «Herriko eta eskualdeko taldeak dira, eta musika antikomertziala eta herrikoia eskainiko dute», esan dute antolatzaileek.
Hurrengo ekintzak bi hitzaldi izango dira, eta biak Mutrikuko Gaztetxean egingo dira. Alde batetik, hilaren 8an (eguaztena) Gudariak direlako: Amnistia. Belaunaldi ezberdinetako preso ohiekin hizketan hitzaldia egongo da, 19:30ean. «Hitzaldiaren izenburuak dioen moduan, belaunaldi ezberdinetako preso ohiak etorriko dira beraien espetxealdietako bizipenen berri ematera».
Bigarren hitzaldia hilaren 10ean izango da: Dena eman duenari dena diogu zor. «Hizlariak Josu Zabala Basajaun eta Iñaki Ormaetxea Antepara gudarien senideak izango dira».
Ekintza horiez gain, horma irudi baten margoketa eta beste ekintza batzuk ere egingo dituztela aurreratu dute.
Herritarrei ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi izan diete antolatzaileek. «Guztiok zaudete gonbidatuta Amnistia Astean eta baita ere egunerokotasunean amnistiaren aldeko borrokan parte hartzera. Dena eman dutenei dena diegulako zor, eta amnistia delako bakerako berme bakarra. Hau da, gudariak borrokara eramandako zapalkuntzen gainditzea».