Auzo-taxi zerbitzua eskainiko dute Markina-Xemeinen
Atzo arratsaldean sinatu zuten zerbitzua zehazten duen hitzarmena udalak eta taxistek.
Markina-Xemeingo Udalak auzo-taxi zerbitzua jarriko du martxan udal lizentzia duten herriko taxistekin elkarlanean. Egitasmo horregaz herriko baserri-auzoak kaleagaz lotu eta baserri-auzoetan erroldatuta dauden herritarrentzat antolatutako prezio oneko taxi zerbitzua ematea dute helburu. Hilabete honetan hasiko da zerbitzua martxan.
Atzo arratsaldean [apirilak 30] sinatu zuten hitzarmena udalak eta taxistek. Azaldu dutenez, Markina-Xemeinen bizi diren adin nagusiko pertsonak izan daitezke auzo-taxi zerbitzuaren erabiltzaileak, «herriko baserri-auzoren batean erroldatuta daudenak», baina bai eta ere gazteak. Azken horien kasuan, 18 urte arteko pertsonek gurasoen edo legezko tutoreen baimena beharko dute zerbitzua erabili ahal izateko, eta 14 urtetik beherakoek pertsona heldu bategaz lagunduta erabili ahalko dute.
Txartelak. Udalak jakinarazi duenez, lehen urtean erabiltzaile guztiei etxeetara bidaliko dizkiete dagozkien txartelak. 14 eta 18 urte artekoen txartela lortzeko, berriz, udaletxean dagokion inprimakia bete beharko da, eta txartela prest dagoenean bertan jaso. «Txartela galdu edo kopia berri bat behar izanez gero, 3 euroko kostua izango du».
Zerbitzua astelehenetik barikura 07:30etik 20:00etara eskainiko da, eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara. Domeka, jaiegun eta abuztuan ez da zerbitzurik egongo. «Erabiltzaileek aukera izango dute egin nahi duten bidaia taxistagaz adosteko, bidaia egingo den egunaren bezperan, 21:00ak baino lehen». Bestalde, erabiltzaile bakoitzak egunean bi bidaia egin ahal izango ditu gehienez.