Eskualde osoa zeharkatuko du VIII. Lea-Artibai Rallyak
Iazko antzera, 62 izango dira parte hartzaileak. Joan den barikuan amaitu zen izena emateko epea eta zerrenda kaleratu dute antolatzaileek.

Beste behin ere, rallyzalez beteko dira Lea-Artibaiko errepide bazterrak. Asteburuan ospatuko da VIII. Lea-Artibai Rallya, eta urtero modura, emoziorik ez da faltako. Iaz bezala, guztira, erlojuz neurtutako bederatzi tarte gainditu beharko dituzte parte hartzaileek lau ibilbide ezberdinetan zehar: Ondarroa-Mendexa (TC1-TC3), Gizaburuaga-Ispaster (TC2-TC4), Eibar-Etxebarria (TC5- TC7-TC9) eta Munitibar-Ziortza-Trabakua (TC6-TC8). Ibilbide osoak 286,80 kilometro izango ditu, eta horietatik 97,52 kilometro neurtuak izango dira.
Lea-Artibai Rallya antolatzen duen Kastinparro Racing taldea urtero rallyari berritasunen bat ematen ahalegintzen da, eta aurtengo rallya iazkoaren oso antzekoa izango bada ere, ibilbideko zati baten noranzkoa eta irteera ekitaldiaren eta autoak batzeko egingo duten geldialdiaren kokapenak aldatu dituzte. Horrela, iaz Lekeitio-Ondarroa-Mendexa izan zen atala aurten Ondarroa-Mendexa noranzkoan egingo da, eta autoak ez dira jaitsiko Lekeitiora. «Politagoa izango dela uste dugu, izan ere, aurten, gorantz joango dira autoak kostako bidetik Mendexara arteko tartean, eta bizkor joateko aukera edukiko dute», azaldu dute Kastinparro Racingekoek.
[RALLYAREN ATALAK ETA MAPA OROKORRA]
Irteera Markina-Xemeinen. Bestalde, iaz Lekeition egin eta gero, irteera ekitaldia Markina-Xemeinera itzuliko da. Rally lasterketa bere osotasunean barikuan [maiatzak 3] eta zapatuan [maiatzak 4] ospatuko da, neurtutako tarte guztiak zapatuan egingo dituzte parte hartzaileek. Berriz, barikuan emango diote hasiera rallyari 20:30ean Markina-Xemeingo Zelaiaren ondoan egingo den ekitaldiagaz. Rallyaren aurkezpena eginda, gidari guztiak igaroko dira banan-banan Arkupe aurrean kokatuta egongo den podiumetik.
Lekeition autoak batzeko geldialdia egingo dute aurten. Iaz Ondarroan egin zuten modura, Lekeition batu eta mokadutxoa hartuaz atsedena hartzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Zaletuek, ostera, autoak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte. «Ondarroa-Mendexa eta Gizaburuaga-Ispaster ibilbideko neurtutako lehen tarte biak egindakoan batuko dira partaideak Lekeition». Lehenengoak gutxi gorabehera 09:30ak aldera heltzen hasiko dira. Aulesti ere izango da berrelkartzeko gunea; 15:57ak aldera hasiko dira batzen autoak bertan.
Rallya. Etxebarriko asistentzia gunean gaua igarota, zapatuan 08:00etan abiatuko da lehenengo parte hartzailea Ondarroarantz neurtutako lehen tarteari hasiera emateko. Ondarroko Galtzuaran baserriaren parean hasi eta Mendexan amaituko da lehen atala, eta jarraian bigarrena egin beharko dute, Gizaburuagatik Ispasterreraino, eta Lekeition batu ondoren Etxebarriko asistentzia gunera itzuliko dira. Ondoren, ibilbide berbera errepikatuko dute goizeko jardunari amaiera emanez.

Lea-Artibai rally-a.
Eibartik Etxebarrira arteko atala osatu beharko dute partaideek lehendabizi arratsaldean, eta ostean Munitibar, Ziortza eta Trabakua artekoa. Atal bi horiek tartekatzen joango dira amaierara arte. Bi bidar egingo dute Munitibar-Trabakua ibilbidea, eta hirutan Eibar-Etxebarria. Azken herri horretan amaituko da rallya, beti bezala, eta bertan egingo dute sari banaketa ere; 21:30ean egitea daukate aurreikusita. «Rallyaren jarraipena egiteko Fotomotorren web orrialdea jarraitu dezakete zaleek».
Parte hartzaileak. Iazko antzera, 62 izango dira eskualdea zeharkatuko duten VIII. Lea-Artibaiko parte hartzaileak. Joan den barikuan amaitu zen izena emateko epea eta parte hartzaileen zerrenda kaleratu dute antolatzaileek. Izen handiko pilotu eta kopilotuak parte hartuko dute, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola azken bi rallyetako irabazleak, Joseba Lasa eta Maitane Martiarena, horiek ere Sardara Hondarribiko Automobilismo Elkartekoak edota Roland Holkek eta Alain Peñak esate baterako.
[PARTE HARTZAILE GUZTIEN ZERRENDA]
Lea-Artibaikoak ere ez dira faltako, besteak beste Etxebarriko Kastinparro Racingeko Txus Jaio eta Jesus Urkidi (BMW M3), Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia (Renault Megane), Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Suzuki Swift) Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo 16v), Xabat Arrate eta Kaiet Bereziartua (Citroen Saxo 16v), Jon Onagoitia eta Goratz Sololuze (Peugeot 106 Sport), Arkaitz Garate eta Bernat Iraolagoitia (BMW 325i), Koldo Goikoetxea eta Maite Lekuona (BMW 325); Hamaika Eskuderiako Aitor Saizar eta Gorka Aginaga (Renault Clio Sport), Ioritz Abaroa eta June Lauzirika (Citroen Saxo 16v), Ander Txakartegi eta Alexander Maguregi (Citroen Saxo 16v), Edu Gartzia-Salazar eta Iñaki del Rey (Citroen Saxo 16v) bai eta Arkaitz Uranga pilotua (Citroen C2) ere Iparralde Racing Urduliz eskuderiagaz eta Aitor Rotxa kopilotua (BMW m3 E36) Eskuderia Eibarregaz.