Berriatuan hasiko da Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa
Zapatu arratsaldean hasiko dute 680 kiloko kategoriagaz. Sei talde lehiatuko dira Berriatuan, eta horien artean dago Mutriku.
2019ko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketak badauka egutegia. Zapatu honetan [maiatzak 4] hasiko dute Berriatuan, 680 kiloko kategoriagaz, eta uztailaren 27an bukatuko dute Urdulizen, 580 kiloko kategoria mistoko jardunaldi bakarragaz.
680 kilotan sei taldek parte hartuko dute; Mutriku, Goiherri, Akelarre, Getxo, Gaztedi A eta Gaztedi B taldeek hasiko dute txapelketa. Hiru zapatu jarraian jokatuko dute, eta hiru saioak 17:00etan hasiko dituzte. Lehen jardunaldian, Berriatuako frontoiaren atzealdeko zelaian ariko dira zein baino zein gehiago (Bastolatza baserriaren ondoan). Bigarren jardunaldia Azkoitian (lehengo tren geltokiaren inguruko belardian) jokatuko dute, maiatzaren 11an, eta finala maiatzaren 18an, Deban ( Calbeton Zumardian).
Aipatu kategoria erabakita, 640 kilokoaren txanda izango da. Hain zuzen, kategoria horretan ere aurrenekoan parte hartuko duten sei taldeak ariko dira. Bilboko Zorroza auzoan izango dute lehen hitzordua, maiatzaren 25ean. Ondoren, Getxon lehiatuko dute bigarren jardunaldia, ekainaren 1ean, eta ekainaren 8an jokatuko dute finala, Erandio Goikoan (Martiartu).
Halaber, 600 kilokoan ere hiru saio lehiatuko dituzte, eta lehenengoa Aulestin izango da, ekainaren 22an. Gero, Bilboko Zorroza auzoan ariko dira (ekainak 29), eta Getxok hartuko du finala, uztailaren 6an. Kategoria horretan 6-8 talde ariko dira; oraindik bi taldek ez dute parte hartzea guztiz baieztatu. Mutrikugaz batera, Akelarrek, Getxok eta Gaztediko bi taldek lehiatuko dute; Goiherrik talde bat edo bi izango ditu, eta baliteke Gaztedik hirugarren taldea ere ateratzea.
600 kilokoaren finalaren ostean, 560 kilokoagaz hasiko dira, eta bost edo zortzi talderen artean jokatuko dute txapela, tartean egongo da Mutriku. 560 kiloko lehen saioa Erandio Goikoan (San Kristobal) lehiatuko dute, uztailaren 14an (domeka). Getxon edukiko dute bigarren jardunaldia, uztailaren 20an (zapatua), eta finala Santiago Egunean (uztailak 25) jokatuko dute, Laukizen.
Aipatu moduan, uztailaren 27an bukatuko dute lur gaineko aurtengo txapelketa, Urdulizen, 580 kiloko kategoria mistoko jardunaldi bakarragaz. Horretan ez dira mutrikuarrak izango. Goiherri, Akelarre eta Gaztediko bi edo hiru taldek lehiatuko dute azken kategoria.