Tximista atletismo taldeko neskak Bizkaiko txapeldun geratu dira laugarrenez
Eguen arratsaldean lehiatu zen Durangon Bizkaiko Txapelketa. Garaipena lorpen handia dela nabarmendu dute Lekeitioko taldekoek.
Tximista atletismo taldeko neskek Bizkaiko taldekako txapelketa irabazi dute. Eguazten arratsaldean lehiatu zen Bizkaiko Txapelketa Durangoko Landako atletismo pistan, eta laugarrenez, Bizkaiko talde onena izan da Lekeitiokoa.
Durangoko jardunaldian 18 laguneko taldea aurkeztu behar dute taldeek, bakoitzak proba bana egiteko, eta ondoren 4×100 eta 4×400 erreleboko probak egiten dituzte. 4×400 erreleboetan garaipena lortu zuten Irati eta Aiora Agirregomezkortak, Ainara Plazak eta Araitz Rinconek, 4×100 erreleboetan, ostera, hirugarren geratu ziren Olatz Martiartu, Irati Iriondo, Nora Agirre eta Olatz Sustaeta.
Horrez gain, marka pertsonalak ere lortu zituzten taldeko atletek. Esate baterako, Olatz Sustaetak 100 metroko proba, Irati Iriondok 200 metrokoa eta Araitz Rinconek 1.500 metrokoa irabazi zuten, eta bigarrenak izan ziren Irati Agirregomezkorta (400m), Aiora Agirregomezkorta (3.000m oztopoak), Terese De Madariaga (pertika), Olatz Martiartu (luzera), Ines Lauzirika (jauzi hirukoitza) eta Aiora Gogenola (5.000m martxa). Ainara Plazak eta Izaro Jaiok, berriz, hirugarren egin zuen 800 metrotan eta altueran, eta laugarren geratu zen Nora Agirre jabalina jaurtiketan.
«Tximista atletismo taldearentzat balentria izugarria da lau urtez jarraian Bizkaiko neska talderik onena izendatu izana. Izan ere, Bizkaian dauden herri eta hiri handietako eta egitura eta ekonomikoki talde handiagoak direnen aurretik geratzea neska gazte hauen eta Tximista atletismo taldea egiten ari den lan gogorraren erakusle da».
Emaitza on ugari. Lea-Artibaiko beste atleta batzuek ere emaitza bikainak eskuratu zituzten Bizkaiko norgehiagokan. Hala, Durango Kirol taldeko Ainara Mugartegi atleta markina-xemeindarra 400 metro hesietan nagusitu zen, eta Priscila Beitia ondarrutarra luzeran. Izaro Larrinaga markina-xemeindarra, ostera, laugarren geratu zen diskoan eta postu bera eskuratu zuen Xabat Oar-Arteta aulestiarrak 400 metro hesietan. Orkatz Beitia ondarrutarrak 4×100 metroko lasterketan parte hartu zuen, eta bere taldeak irabazi zuen proba.
Bestetik, Durangaldea Running taldean dagoen Jonan Bilbao Omaetxebarriak bosgarren postua lortu zuen 1.500 metroko proban.