Lekeition labar artearen interpretazio zentroa egitea aurreikusten du Unai Rementeriak
EAJren ahaldun nagusirako hautagaiak Lea-Artibai eskualdean garatuko dituen ekimen batzuen berri eman zuen atzo Markina-Xemeinen egindako ekitaldian.
“Bizkaiko ondarearen aberastasuna ezagutzera emateko eta Lea Artibai eskualde osoa biziberritzeko”, Lekeition labar artearen interpretazio zentroa egitea aurreikusten duela adierazi zuen atzo [maiatzak 12] eguerdian Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Markina-Xemeinen egindako ekitaldian. Luis Egurrola Markina-Xemeingo EAJren alkatetzarako hautagaiak eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu zuten mintzaldian.
“Gizateriaren altxor bat daukagu hemen. Armintxe, Santimamiñe eta Atxurra kobazuloez ari naiz. Labar artea gordetzen duten 16 kobazulo ditugu Bizkaian. Mundu mailako erreferente bat gara eta altxor hori balioetsi behar dugu, besteekin partekatu behar dugu. Eta horretarako, erreferentziazko zentro bat behar dugu, eta hementxe egingo dugu, Lea Artibai eskualdean”, esan zuen hautagai jeltzaleak. Zentro berriak Paleolitiko aroko arte lanekin gozatzeko aukera emateagaz gainera topagunea ere izango dela azaldu zuen, “hainbat diziplina zientifikoren eskutik labar artearen inguruan bilduko den ezagutza partekatzeko”.
Rementeriak Bizkairako daukan proiektuaren ardatz nagusietako bat kostakoa dela gogora ekarri zuen, eta Gaztelugatxeri emango dioten bultzada, Bermeoko portua biziberritzeko proiektua, Lemoizko zentral zaharreko orubeak Bizkaiarentzat berreskuratzea eta kostako eskualdeetako konexioak hobetzea aitatu zituen besteak beste.
Bestalde, Lea-Artibai eskualdeko herritarren kezka nagusietako bat garraioa dela esan zuen Rementeriak, eta horri erantzunez Bizkaibusen maiztasunak hobetu, autobus zuzen gehiago jarri eta errepidea hobetzeko bigarren fasea lantzen ari direla gogora ekarri zuen. “Markina-Xemeingo saihesbidearen proiektuarekin gaude, herriguneko trafikoari irtenbide bat emango diogu, hau da, Etxebarritik aterako ditugu kamioiak eta ibilgailu astunak. Proiektu honetan lan egin behar dugu udalarekin, baina orain arte ezinezkoa izan da Bildurekin. Konbentzituta nago Luis Egurrola EAJren hautagaia Markina-Xemeingo alkatetzara iristen bada proiektu hau errealitate bihurtuko dela”.