Abian da Lea-Artibaiko XIII. Enpresa Proiektu Lehiaketa
Negozio ideia berritzaileak, merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak eta emakume ekintzaileak sarituko dituzte aurten.
Barikura arte [maiatzak 24] egongo da zabalik Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak urtero antolatzen duten Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketara lanak aurkezteko epea. 13. lehiaketa izango da aurtengoa.
Lehiaketara, 2018 urteaz geroztik Lea-Artibai eskualdean enpresa berri bat martxan jarrita edo 2019an martxan jartzeko asmoa duten ekintzaile guztiak aurkeztu daitezke. Bi modalitatetan bereiztuko dira proiektuak: negozio ideia berritzaileak, 2.000 euroko saria eramango dute, eta merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak, horientzat 1.500 euroko saria egongo da. Horrez gain, emakume ekintzailearentzako aipamen berezia ere egongo da, 500 euroko sariagaz.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bi modalitateen kasuan, saria eskuratzen duten ekintzaileek Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean dagoen enpresa-haztegian kokatzeko erraztasunak izango dituzte eta, enpresa martxan jarri arte eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza jasoko dute erakunde antolatzaileen eskutik. Gainera, ekintzaileek euren proiektuak sustatzeko lagungarri izango duten bideo promozionala ere jasoko dute opari aurten.
Sari banaketa ekainaren 7an egingo da Etxebarrian ospatuko den Lea-Artibaiko Ekintzaile Egunaren baitan antolatuko diren ekimenekin batera.
Lehiaketan parte hartzeko interesa duten guztiek informazio zabala, inskripzio orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragarri izango dituzte Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia -Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroaren bulegoetan eta webguneetan.