Cristina Mellinasek bere lehen eleberria aurkeztuko du Lekeition
Lekeitioko Turismo Bulegoan lana aurkitu eta 2008tik Lekeition bizi da idazlea. Aurkezpena herritar guztiei zabalik dago.
La Ciudad del Viento liburua aurkeztuko du eguenean [maiatzak 16] Cristina Mellinas Barrios Lekeitioko bizilagunak, Lekeitioko Helduen Tertuliaren eskutik. Ekitaldia 15:30ean izango da, Lekeitioko Eskolako irakasle gelan, eta deialdia herritar guztiei zabalik dagoela azpimarratu du herriko irakurzaleen taldeak.
Magisteritzan graduatuta Markina-Xemeinen bizi izan zen Mellinas bost urtez, gero Lekeitioko Turismo Bulegoan lana aurkitu eta 2008tik Lekeition bizi da. “Bere lehen liburua aurkeztera dator herriko eta inguruko guztiei”, azaldu dute Lekeitioko Helduen Tertuliako kideek. Ekitaldiak ordu eta erdi inguru iraungo duela esan dute.
Iraganeko ardurak konpontzen saiatzen diren bitartean Viran eraikuntzako beharginaren, Gregori biolinistaren, Tanja prostitutaren, Gonzalo kamioi gidariaren eta Madison argazkilariaren bizitzak gurutzatu egingo dira Cristina Mellinasek idatzitako eleberrian. Adiskidetasuna, maitasuna, saldukeria eta gerraren saminak Espainiatik Croaziara eta Errusiara eramango ditu pertsonaiak euren bizitzak bideratu asmoz.