Lekeitioko Udalak Nagusilan elkartea lagunduko du
Hitzarmena sinatu dute udalak eta elkarteak. Lekeitioko Nagusilan orain dela 20 urte hasi zen Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzan boluntariotza lanak egiten.
Hogei boluntarioz osatutako taldeak egiten duen lan altruista balorean jarri eta aitortu asmoz, Nagusilan talde lekeitiarra diruz lagunduko du aurrerantzean Lekeitioko Udalak. Horretarako hitzarmen bat sinatu dute udalak eta elkarteak.
“Hitzarmenaren helburua, Lekeitioko boluntario taldeak Uribarren Abaroa egoitzan dauden egoiliarrei, besteak beste, konpainia egiten jarraitzea da, eta konpainia lan horrek suposatzen dieten gastuei aurre egiteko eta boluntarioek ekintzak antolatu ahal izateko diruz laguntzea”, azaldu du udalak.
Jakitera eman dutenez, Lekeitioko Nagusilan orain dela 20 urte hasi zen Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzan boluntariotza lanak egiten. “Boluntarioek pertsona egoiliarrei onura handia ekartzen diete, eta eskaintzen dieten laguntza eta konpainia oinarrizkoa zaie”.
Maria Dolores Bilbao Valle Bizkaiko Nagusilan Elkarteko presidentea eta Libe Plaza Lekeitioko Nagusilan taldeko arduraduna batu ziren Koldo Goitia Lekeitioko alkateagaz hitzarmena sinatzeko. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, eta urtero luzatu ahalko dela zehaztu dute.