Zapatuan hasiko dira Europako Geoparkeen IX. Asteko ekintzak
Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak Mutrikun, Deban eta Zumaian egingo ditu ekintzak, eta guztiak doan izango direla esan dute. Besteak beste, espeleologia irteera bat, mendi irteera bat, hitzaldi tailer bat, marrazki lehiaketa eta argazkilaritza tailerra egongo dira. Nautilusek ate irekiak egingo ditu maiatzaren 18an, 19an eta 25ean.
Zapatuan hasiko da IX. Europako Geoparkeen Astea, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala prestatu du. Ekintza guztiak doakoak izango dira, baina batzuetan aldez aurretik izena eman behar da. Aurten, ekintzak Lur azpiko mundu ezkutua lelopean egingo dira, eta tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea edukiko dute helburu.
- Lehenengo ekintza Debako Ermittia Bekoa kobazulora zapatuan [maiatzak 18] egingo duten ekintza izango da. Irteera hori Felix Ugarte espeleologia taldearekin batera egingo da, eta ondorioz, adituen laguntzari esker, kobazulo karstikoak gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera egongo da. Parte hartzaileak 09:00etan abiatuko dira, Debako Arakistain plazatik. “Irteerak 3 orduko iraupena edukiko du, eta parte hartu nahi dutenek Debako turismo bulegora deitu behar dute (943- 19 24 52)”.
- Geoparkeko Biraren 1. etapa (Saturraran-Olatz) mendi irteera egingo da domekan [maiatzak 19]. “Irteera horrekin, lurralde osoa zeharkatuko duen Geoparkeko Bira deritzon egitasmoa abiatuko dugu. Izan ere, gure asmoa da urtez urte, Geoparkeko Bira osatuko duten zortzi etapak burutzea”. Ibilaldiak 9,5 kilometro edukiko ditu eta zailtasun gutxikoa dela esan dute; 500 metro inguruko desnibela edukiko du. Parte hartzaileak 09:00etan Mijoa industrialdetik abiatuko dira, eta itzulera autobusez egingo dute. Irteeran parte hartzeko Mutrikuko turismo bulegoan izena eman behar da (943- 60 33 78).
- Karst: urak eraman ez zuen paisaia hitzaldi tailerra izango da hurrengo ekintza, martitzenean [maitzak 21]. Deban izango da, eta aurtengo berrikuntzetako bat da. “Parte-hartzaileek bizi garen ingurune eta paisaiaren bilkaeta ulertzeko aukera ematen diguten ikerkuntza teknikak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera edukiko dute”. Saioa EHUko eta Aranzadiko ikerlari talde batek gidatuko du, eta 18:00etatik 20:00etara egingo da, Alamedako kioskoan.
- GeoTalks: zientzia eta zinea ere egingo da maiatzaren 22an, hirugarren urtez. Aurten, baina, Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa izenburupean egingo da, eta zientzia eta zinema lotuko dituela esan dute. El dia que murio el mesozoico film laburra proiektatu eta zientzialarien arteko solasaldia egingo dute (gaztelaniaz). Hizlariak ondokoak izango dira: Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua eta Estibaliz Apellaniz EHUko palentologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria. Saioa Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuko du.
- Praileaitz I. Behe Paleolitoko azken aurkikuntzak hitzaldia maiatzaren 23an izango da, 19:00etan, Debako kultur elkartean, Xabier PeƱalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoaren eskutik.
- Maiatzaren 24an, ostera, Espeleologoa naiz marrazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da, 18:00etan, Zumaiako Oxford aretoan. Lehiaketan Mutriku, Deba eta Zumaiako 6-12 urte bitarteko lehen hezkuntzako ikasleek parte hartu dute.
- Argazkilaritza tailerra maiatzaren 25ean egingo da, eta horretan, mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak nola atera irakatsiko dute. Zumaian egingo da, eta Soraya Lopezek eta Sonia Alvarezek eskainiko dute. Egun osoko saioa izango da: 09:00etatik 13:30era teorikoa eta 16:00etatik 19:00etara praktikoa. Interesatuek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatzi behar dute izena emateko.
- Ate irekiak Nautilusen eta Algorrin. Maiatzaren 18tik 25era, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ere ate irekien jardunaldiak egingo dituzte. Nautilusen, esaterako, maiatzaren 18an, 19an eta 25ean izango da doan sarrera. Algorrin, aldiz, hilaren 18tik 25era.
Euskal Kostaldeko Geoparkearekin batera, Europako beste 72 geoparkeak ere ekintzak egingo dituzte maiatzaren 17tik 15era bitartean.