Burujabetzan sakontzeko botoa eskatu du Otegik Markina-Xemeinen
EH Bilduk gobernatzen duen lekuetan "jendearen bizi baldintzak hobera egiten duela" nabarmendu dute Markina-Xemeinen egindako ekitaldi politikoan.
Markina-Xemeinerako, Lea-Artibairako, Bizkairako eta Europarako dituzten egitasmoak ezagutzera eman ditu EH Bilduk Markina-Xemeinen egindako ekitaldian. Aitor Odiaga Markina-Xemeingo alkategaia, Bea Ilardia ahaldungai nagusia eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiagaz gainera Busturia-Uribeko batzar nagusietarako hautagaiak eta Markina-Xemeingo hautagaiak igo ziren oholtza gainera.
«Burujabetzan sakontzeko eta jendearen bizi baldintzak hobetzeko» boto erabilgarri bakarra EH Bildurena dela azpimarratu zuen Arnaldo Otegik. Azaldu zuenez, egungo koiuntura politikoan bi bloke osatzen ari dira. «Bata kontserbadorea, bestea aurrerakoia, bata autonomista, bestea independentista eta soberanista, bata balore atzerakoietan oinarritzen dena eta bestea balore aurrerakoietan oinarritu egiten dena. Bata EAJ buru dena eta bestea EH Bildu».
EAJ egiten ari den kanpainaren tonua ere aitatu zuen. «EAJ irainez beteriko kanpaina batean murgilduta dago gure kontra. Arrazoia sinplea da, EAJk soilik proiektu bat dauka, eta gobernuan mantentzea da, ez du proiektu askatzailerik, ez du proiektu nazionalik herri honentzat. Eta hori denez helburu bakarra horretarako botoak bilatu behar ditu, eta botoak abertzaletasunarenpean dauden esparruetan bilatu ezin dituenez beste toki batzuetan bilatzen ari da. Eta estrategia hori erabiltzen duenak badaki botoak hortik lortzen baldin badira ez dela posible gero proiektu abertzale askatzaile bat mantentzea, hori ezinezkoa da».
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, proiektu aurrerakoiak aurrera egingo du ezker independentista Bizkaian eta Bilbon indartsua baldin bada. «Horixe da gure erronka Bizkaian ordezkaritza maila handitzea eta EH Bildu aukera gisa kontsolidatzea».
Bizitzak hobetzera. EH Bilduk gobernatzen eta kudeatzen duen lekuetan «jendearen bizitzak hobera» egiten duela azpimarratu zuen Bea Ilardia ahaldungai nagusiak. «EH Bilduk herritarrekin batera gobernatzen duelako, hurbiltasunetik eta parte hartzetik gobernatzen duelako, gardentasunetik gobernatzen duelako, behetik eta gora gobernatzen duelako».
Bizkaiko Foru Aldundiak Lea-Artibai urrun ikusten duela ere adierazi zuen. «Eta horregatik gabezia asko dituzue. Zenbat urte daramazue bertako bideak egokitu behar direla aldundiari entzuten, zenbat gabezi daukazue eskualde honetan garraioaz berba egiten dugunean? Garraio egokiak edukitzea, bide egokiak edukitzea guztiz erlazionatuta dago jarduera ekonomikoagaz, eskualde honetako jarduera ekonomikoagaz. Eta guzti horretan erakundeek, Bizkaian aldundiak, asko dauka esateko eta egiteko batez ere».
2011 urtean Markina-Xemeinek aldaketaren aldeko apustua egin zuela gogora ekarri zuen Aitor Odiagak. «Udal eredu aldaketak udal zabal bat ekarri zuen, talde lanak oinarri zuen udal kudeaketa, auzolana ardatz zuena eta batzar irekien bidez auzoetara heltzen zena».
Zortzi urte ondoren, berriz, EAJren udalgintza estiloak berdin jarraitzen duela esan zuen, «itxuraz obra eta hormigoirik ez duten proiektuak ez dira proiektu moduan hartzen, batzuen udalgintza estiloa proiektua ez da sekula aldatuko». Azken hilabeteetan gaztelekuaren proiektuak eragindako polemika ere aitatu zuen, eta proiektuarekiko euren babes eta laguntza berresteagaz gainera, EAJren jarrera gaitzetsi zuen. «Orain eurentzat proiektu on bat omen da. Non gelditzen da beraien udal taldearen ezetza? Ziur gaude hauteskunde sasoia izango balitz ezetza mantenduko zutela».
Uzta ona jasotzeko hazitegiak ondo zainduta egon behar dutela aitatu zuen, «eta hori da hain zuzen Markina-Xemeinen egin duguna». Aldaketak errotzeko prest daudela azaldu zuen. «Eta horretarako talde izugarria daukagu, ilusioz gainezka, lanerako gogotsu eta egunez egun zenbat balio duen erakusten duena, herrigintzatik datorren ekipoa, ekiporik onena».
Odiagaren hitzetan talde horren aurpegi ezagunak oholtza gainean zeuden, baina ekipo hori askoz gehiagok osatzen du, interes berberak elkartzen dituenak. «Lagun batek esaten duen moduan udalgintzan alkatea bakarrik ez da nahikoa».