Errepideetan segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu dituzte eskualdeko txirrindulariek
Txirrindulariek azkenaldian eskualdeko errepideetan jasan dituzten ezbeharrak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur [maiatzak 21] iluntzean Markina-Xemeinen. Hainbat kirol taldetako ordezkariak batu dira protestan.
Azkenaldian Lea-Artibai eskualdean jasan dituzten ezbeharrak salatu asmoz, eskualdeko hainbat txirrindulari eta kirol elkarteetako txirrindulariek protesta jendetsua egin dute Markina-Xemeinen. Errepideetan elkarbizitza eta segurtasuna hobetze aldera, gainera, hainbat neurri hartu beharko liratekeela uste dute hainbat elkarte eta taldeetako bizikleta erabiltzaileek.
Agertu dutenez, eskualdean bizikletaren erabilerak nabarmen egin du gora azken urteotan, baina, aldi berean, zirkulazioan dagoen mugimendua ere ikaragarri handitu dela gogorarazi dute. “Eskualdeko errepide estu eta bihurgunetsuetan auto, kamioi, moto, traktore eta bizikleten elkarbizitza asko zaildu da, batez ere, errepideen egokitze eskasagatik. Azken urteotako obretan egin diren bide ertz ertz estuak dira horren adibideetako bat».
Eskatu dituzten neurrien artean bide ertz egokiak behar dituztela diote. Baina horretarako bide ertzak garbi mantentzea, duela urte gutxi bide ertzetan ipinitako lurreko argi bereziak kentzea eta etorkizunean egin behar diren obra berrietan gutxienez metro eta erdiko bide ertzak diseinatzea eskatzen dute.
Txirrindularientzako ibilbide bereziak egokitu beharko liratekeela ere uste dute dokumentuaren sinatzaileek. Bide horretatik, Trabakuako bide zaharra egokitzea, gune jakin batzuetan bide ertzak mutiloiekin babestea eta bidegorri sarea handitzeko proposatu dute.
Azkenik, sentsibilizazioa eta elkar ulertzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu dute. “Errepidean gabiltzanok eskubideak zein betebeharrak ditugu”. Eta bizikleta zale kolektibo osoari errespetuz jokatzeko eskatu nahi diote. “Zirkulazio arauak beste edozein ibilgailuk bezala errespetatu behar ditugu guk geuk ere”. Era berean, errepideko erabiltzaile guztiei bizikleta zale eta erabiltzaileak errespeta ditzatela eskatu nahi dute. “Errespetua eskatu nahi genieke. Beste edozein ibilgailuren erabiltzaileen modura, aisialdiaz gozatzeko edo lanerako errepideak erabiltzeko eskubidea dugu”.
Honako taldeek sinatu dute dokumentua: Markina-Xemein Txirrindulari Elkartea, Markina-Xemeingo DH Kirol Kluba, Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldea, Etxebarriko Amets Txurruka Lagunartie, Etxebarriko Txik-Txak Kirol Kluba, Lekeitioko Garraitz Kirol Taldea, Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldea, Lekeitialde Txirrindulari Elkartea, Berritxuko Txirrindulari Elkartea, Berriatuko Urepel Kirol Taldea, Berriatuko Pedalkadak Kirol Kluba, Ondarroako Aurrera Txirrindulari Elkartea, Ondarroako Koaxi Triatloi Taldea eta Ondarroako Bodega BTT taldea.