Herrigintzan esperientzia daukan lan talde "konprometitua" aurkeztu du EAJk Ispasterren
Azken urteotan ikusitako beharrizanekin eta jasotako ekarpenekin landutako programa aurkeztu du alderdi jeltzaleak. Garbiñe Saenz de Buruaga egungo alkatea da berriro ere alkategaia, eta orain arteko moduan hitza beteko dutela adierazi du, "ezelako aitzakiarik gabe".
Alkatetzan sendotutako esperientziarekin, taldean aldaketa batzuekin eta erronka berriek eskatzen duten ilusio eta lanerako gogoarekin aurkeztu dute udal hauteskundeetarako Ispasterko EAJren hautagaitza. Herrigintza zer den ondo dakien lan talde konprometitua osatu dute, “Ispasterren alde egiteko”.
Garbiñe Saenz de Buruaga egungo alkatea da berriro ere alkategaia, eta orain arteko moduan hitza beteko dutela adierazi du, “ezelako aitzakiarik gabe”. Hain zuzen ere, azken urteotan ikusitako beharrizanekin eta jasotako ekarpenekin landutako programa aurkeztu du alderdi jeltzaleak.
Udala kudeatzeko eta herrigintzan jarduteko erari buruz mintzatu da: “Lehena, entzutea eta behar izanak ezagutzea; bigarrena, gure iritzia argi adierazi, ezetz esan behar denean ere zintzo esanez; hirugarrena, oinak lurrean ditugula proposamenak egitea; eta, laugarrena; etengabeko lanarekin esandakoa betetzea”.
Proposamen zehatzak jaso dituzte programa hamar ataletan banatu dute: eskola, gizarte zerbitzuak, birziklapena eta zabor bilketa, energia berriztagarriak eta ingurumena, auzo bideak, saneamendua eta ur hornidura, Basokoetxe poligono industriala, aisialdi guneak, herrigunea eta kultura eta kirola.
Birziklapena dute lehentasuneko erronka nagusietako bat: “Herritarren kontzientziazio eta elkarlanarekin, Ispaster eskualdeko erreferente bihurtu nahi dugu zabor sorrera kopuru gutxitze eta birziklapena handitze alorrean. Jasangarritasun eta ingurumenaren errespetuaren alde, birziklapenak duen garrantzia azpimarratzen dugu”. Era berean, energia berriztagarrien arloan urratsak ematen jarraituko dute: “Energia berriztagarriak eta burujabetasun energetikoa sustatzen jarraituko dugu. Eraikin publikoei dagokienez herri askorentzako eredu bihurtu gara; baina, bide horretan ez garela helmugara heldu argi dugu. Elexaldeko saretik aparte dauden herritarrei ere, bide honetatik joan ahal izateko, aholkularitza teknikoa eta diru-laguntzak tramitatzeko laguntza eskainiko diegu”. Amaitzear den legealdian airearen kalitatea neurtu dute herriko zenbait puntutan eta 2020an eta 2021ean neurketa berriak egiteko asmoa agertu dute: “Neurketen txosten teknikoak ditugunean, hauen arabera, gure konpetentzien barruan hobekuntzak edo neurriak hartzea beharrezkoa edo gomendagarria bada, neurri horiek burutuko ditugu”.
Bestalde, Jaurlaritzagaz elkarlanean eskolako eraikina handitu eta egokitzeko konpromisoa daukate, eta umeen jolas eremua handitzeagaz batera, Elexaldeko jolas guneetako batean gune estali bat egokitu gura dute. Gizarte zerbizuen eta herritarren arteko harremana sendotu nahi dute; herritarren beharrizanak ezagututa, banakako irtenbideak emateko, “bizi kalitatea hobetzeko” helburuagaz. Halaber, Hiri Adeitsuak proiektuko ekintza plana gauzatu nahi dute, eta udalaren eskumenak direnak burutzeko konpromisoa hartu dute.
Alabaina, udal aurrekontuaren kopuru garrantzitsu bat auzo bideak konpontzera bideratu beharko dutela uste dute jeltzaleek, eta Agarreko, Solarteko eta Belaustegiko auzo bideak eta Gardatako hirugarren fasea eta Ormegiko aldatza hobetzea lehenetsi dute. Azken lau urteotan saneamenduan egin dituzte inbertsio handienak, eta ildo horretatik jarraituko dute, esaterako, Larrinaga auzoan falta diren etxeak sare orokorrera konektatuz. “Baserri-guneetan animalientzat eta ortuetarako ur hornidura ere arautuko dugu; gaur egun ez dugu arautegirik. Hornidura egokia, neurtua eta justua eskaintzearen aldekoak gara eta bide horretatik arautuko dugu”.
Basokoetxe poligonoa gauzatzeko pausoak ematen jarraituko dutela dio EAJren hautagaitza osatzen duen taldeak. Horretarako, eratuta dagoen garapen mahaiaren ondorioak jaso eta udalean aztertu eta onartu behar dituzte. “Gutxiengo eskari kopurua dugunean pabiloi bat eraikitzeko eman beharreko pausoak emango ditugu, poligonoan baldintza errazagoak eskaini ahal izateko bertaratu nahi duten enpresa txikiei”, azaldu dute.
Hautagaitza:
- Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda
- Jose Felix Alday Juaristi
- Jesus Lekerikabeakoa Arrillaga
- Eskarne Gogenola Zatika
- Koldo Aranbarri Garcia
- Gurutz Telleria Zabala
- Ainara Hidalgo Malaxetxebarria
- Enrike Malaxetxebarria Arrizubieta
- Iñigo Larrinaga Kortabitarte
- Joseba Andoni Gogenola Zatika