Mutrikuko Iriagirre kaleko ur zikinak Zabalera araztegira bideratzeko lanak hasi dituzte
Lanak aurreko astean hasi zituzten, eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioko arduradunek aurreratu dutenez, bi edo hiru hilabete beharko dituzte lanak osotasunean amaitzeko. Lanak orain egiteko arrazoi nagusia Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidearen itxiera izan dela aitortu dute.
Iriagirre kalea eta inguruetako ur zikinak biltzeko hodiak ipintzen hasi dira Gipuzkoako Ur Kontsortzioko langileak. Lanak aurreko astean hasi zituzten, eta martxa onean doazela agertu dute.”Gune horretako ur zikinen sarea araztegiaren sare nagusira konektatu gabe dago. Gaur egun, ur zikinak itsasora doaz zuzenean. Gure helburua da etxe horietako ur zikinak jaso eta portuan dagoen Zabalera araztegira bideratzea da, kanalizazio bide berri baten bidez”.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioko ordezkariek agertu dutenez, ur zikinak araztegira bideratuko dituzten hodiak sartzeaz gain, euri urak batuko dituzten hodiak ere ipiniko dituzte bide batez. “Euri urak ez dira araztegira bideratzen. Beste kanalizazio batetik itsasora bideratuko ditugu”.
Lanak orain egiteko arrazoi nagusia Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidearen itxiera izan dela aitortu dute. “Errepidea moztuta dagoela aprobetxatuta, egin beharreko lanak orain egitea erabaki dugu, modu horretara, zirkulazioari ahalik -eta gutxien eragingo diogu. Errepidea itxita egoteak, gainera, guri ere lan egiterako orduan asko erraztuko dizkigu gauzak”.
Lanak egiten ari diren bitartean, errepidearen bide bat itxita dago. Zirkulazioa semaforo bidez gidatzen ari dira. “Zirkulazioan eragin gehien eduki ahal zuten lanak eginda ditugu. Bidegurutzetako lanak aurreko astean egin genituen”.