Dantzarien plaza bihurtu dira Mutriku eta Lekeitio
Bi herrietan zapatuan egin zituzten euskal erromeriak. Eguna goibel hasi bazen ere, euri tanta batzuk salbu, ez zuen aparteko zaparradarik egin, eta dantzariek normaltasunez dantzan egin ahal izan zuten.
Mutrikun Gure Ametsa dantza taldeak antolatutako ikastaroan parte hartu duten herritarrak atera ziren kalera. Lekeition, ostera, Zaletxuak kultur elkarteak bultzatuta egin zen ekintza. Batean zein bestea, goizez zein arratsaldez, dantzariek herriko kaleak eta plazak hartu zituzten.
Mutrikuarren kasuan, hasiera batean arratsaldean Beheko Plazako erromeria ez zutela egingo esan zuten; kalejirak eta dantzak goizean egingo zituztela esan zuten. Azkenean, baina, musika talderik ekarri ez bazuten ere, bozgorailuetatik musika jarri eta Beheko Plaza girotu zuten 19:00etatik aurrera. 50 dantzari inguruk parte hartu zuten ekintzan.
Lekeition ere dantzak izan ziren protagonista. Hala, Merkatu Plazan batu eta ondoren kalejira egin zuten herriko kaleetan zehar. Bazkaltzeko tartea hartu eta gero, jaiak aurrera jarraitu zuen iluntzean, Independentzia plazan; dantza erakustaldia eskaini zuten han.