Elikagaien eraldaketaren inguruko gai nagusiak jorratu dituzte Markina-Xemeinen egindako jardunaldian
Ekimenaren helburua elikagaien industria adimentsu, dinamiko eta konektatu baten alde egitea izan da. Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxeak eta Elara Ingenieros enpresak elkarlanean antolatu dute ekimena.
Lea Artibai Ikastetxeak eta Elara Ingenieros enpresak antolatuta, Nekazaritzako Elikagaien Eraldaketa 4.0 jardunaldia ospatu dute Lea Artibai Ikastetxean. Estreinekoz egin duten ekimenaren helburua “elikagaien industria adimentsu, dinamiko eta konektatu baten alde egitea” dela jakinarazi dute. “Elikagaien sektoreak gero eta erronka handiagoak ditu kontsumitzaileen eskaerei aurre egiteko, eta horiek betetzea zaila izan daiteke neurriak hartzen ez badituzte; alegia, sektorea teknologia, bizkortasuna eta lankidetza uztartzen dituen paradigma berri baten murgiltzea”.
Nekazaritzako elikagaien alorreko enpresa handi eta txikiak batu ditu ekimenak, eta elikagaien eraldaketaren inguruko gai nagusiak jorratu dituzte. “Jardunaldia ezagutza eta esperientzien trukaketa egiteko bilgune bihurtu da. Industria honek dituen tresna berriak ezagutu eta bertatik bertara kasu arrakastatsuen esperientzia errealak ezagutzeko aukera ere izan dute parte hartzaileek”.
Formakuntza eta berrikuntzaren bitartez nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresen lehiakortasuna sustatzea, kalitate kontrola eta denboraren murrizketa, elikagaien sektoreari lotutako aukerak eta erronkak eta teknologia nekazaritzako elikagaien industriaren zerbitzura izan dira landu dituzten gaiak, besteak beste. Alor horietan sakontzeko, Igor Agote Lea Artibai Ikastetxeko Hezitzaile eta Elikagaien Industriako auditorearen, Naia Andonegi Leartikerreko Elikagaien arloko ikerketaren arduradunaren, Patxi Salcedo Ian taldeko I+D+I Zuzendari Korporatiboaren, Jon Ander Egaña Euskal Herriko Elikagaien Klusterreko Zuzendari Nagusiaren eta Iñigo Navarro Elara Ingenieroseko Zuzendari Teknikoaren eta Ana Caspistegui Garapen Zuzendariaren laguntza eduki dute.