Joseba Palenzuela: "Proiektuetan pentsatzen hasi aurretik, herritarrengan pentsatuko dugu"
2011-2015 urteetan Mutrikuko alkatea izan zen Palenzuela. Orain berriro EH Bilduren alkategaia izan da, eta irabazi egin du. Datozen lau urteetarako "emateko asko" dutela dio.
Lau urteren ondoren, alkatetza berriro EH Bilduren eskuetara bueltatuko da.
Lehendabizi, gure poza agertu nahi dut Mutrikuko herriak guregan jarritako konfiantzari erreparatuta. Lan arduratsua eta ederra izango dugu datozen urteetan, baina bidea pausoz pauso eginda, herriari asko emateko gaudela uste dugu. Pauso motzak helburu luzeak lortzeko bidean.
Emaitzak ikusita, esperotakoak modukoak izan dira?
Emaitzei dagokienez, beti dago ilusio bat gauzak ondo ateratzeko, baina emaitza estuagoak emango zirela uste nuen. Oso emaitza ontzat eman ditugu jasotakoak. Egia esan, konfiantza banuen, azken hilabeteetan EH Bilduk egin duen lana handia eta ona izan delako, eta normalean, lanak beti dakar saria. Gainera, lehenago ere bai, baina azken asteetan mutrikuarrek erakutsi didaten hurbiltasuna eta estimua hain handia izan da gauzak modu baikorrean ikustera eraman nindutela.
Alkate makila hartu orduko zer asmo duzue? Zein izango da zuen lehen proiektua?
Alkate makila hartutakoan ez gara jarriko proiektu zehatzei begira. Uda gainean dugu, eta udan herrian izaten direnak atenditu beharko dira lehendabizi. Gainera, kostako bideak herritarrengan duen eraginari ere erreparatu beharko diogu, eta herritarren eskakizunak entzun eta haiei erantzun bat ematen jardun beharko dugu. Urazamendiko herritarrek dituzten eskakizunak ere hor ditugu… Proiektuetan pentsatzen hasi aurretik herritarrekin pentsatzen hasiko gara. Ondoren, izango dugu aukera proiektuez pentsatzen hasteko.
Lanbidez udal euskara teknikaria izanik, alor horretan zer dauka Mutrikuk egiteko?
Euskara teknikari lanpostua hutsik geratuko denez, lehenbailehen deialdia egingo da postua betetzeko. Ondoren, euskararen erabileraren normalkuntza bidean lanean jarraitu beharko da, herriko eragileekin batera. Besteak beste, 2020 urtean izango den Euskaraldia ekimenaren bigarren aldian udalak elkarte eta erakundeetan euskararen erabilera indartzen egingo beharko du lan.
Duela 8 urte baino egoera hobean hartuko duzue udala. Agintaldi berrira begira zeintzuk izango dira Mutrikuko EH Bilduren lehentasunak?
Duela zortzi urte udalaren egoera ekonomikoak hartu zuen lehentasuna. Garai hartan esan genuen herriaren ekonomia etorkizunerako prestatu nahi genuela. Hartan egin genuen lan, eta udalaren egoera onbidean ipini ere bai, gerora ikusi den moduan. Oraingoan, egoera hobea izanik, EH Bilduren lehentasunak herriaren lehentasunak izango dira. Udalean gauden alderdien artean diagnosi bateratua egin eta herriko eragileek zein herritarrekin adostuta jarri nahi ditugu lehentasunak, beti ere herriaren eta herritarren beharretatik abiatuta, alderdi sozialari lehentasuna emanda.
Alkate modua bigarren agintaldia izango da zuretzat. Zer asmo pertsonal dituzu?
Alkate izan nintzeneko lau urteak gogorrak izan ziren, gauza asko batu zirelako. Gaur egun giroa beste bat da, egoera ekonomikoa beste bat da, eta neure indarrak ere berrituta ikusten ditut. Lehenago ere esanda daukat: lau urte haietan bulegoan denbora asko ematea tokatu zitzaidan; hurrengo lau urteetan kalean gehiago ibiltzea gustatuko litzaidake, herritarrengandik hurbil, beren nahiak, kexuak eta proposamenak entzuteko. Hurbiltasun horrek mutrikuarron herria hobetzen lagunduko digulakoan nago.
Azken agintaldia zelan baloratuko zenuke?
Beharbada ez dagokit niri azken agintaldiaren balorapen zehatz bat egitea, udal jarduera ez dudalako gertutik bizi izan. Esan ditzakedanak herritar baten ikuspegitik esan ditzaket. Esango nuke alderdi bakoitzak bere ustezko lehentasunak jartzen dituela, eta horretan, zerbait esatekotan, esango nuke herritarrek udal dinamiketan gehiago parte hartu ahal izatea hartu dudala faltan.