Angel Ibarluzeak eraman du Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola Jokoko txapela
Elgetako bolatokian jokatu duten azken jaurtialdian erabaki da aurtengo irabazlea. Lea-Artibaiko bolariek ere emaitza onak lortu dituzte.
Asola Berriko Ganix Rodriguez eibartarraren eta San Migel taldeko Angel Ibarluzea elgoibartarraren artean erabaki zen zapatuan [maiatzak 25] Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako finala. 41 txirlora berdinduta ailegatu ziren finalera Ibarluzea eta Rodriguez; eibartarrak ezin izan zuen txirlorik bota eta elgoibartarrak azkeneko bolan sartutako hirukoari esker bereganatu zuen txapela. Euskal Herriko txapelduna da Ibarluzea, eta Gipuzkoakoa ere bai orain.
Bittor Astigarraga eibartarraren (Asola Berri) eta Santos Muñoz azkoitiarraren atzetik geratu da sailkapenaren bosgarren postuan Iker Arizmendiarrieta markina-xemeindarra. Elgetako taldean jokatu du bolariak, eta 36 txirlo bota ditu guztira txapelketan. Lehen hamarren artean geratu da bai eta ere Mikel Urkia Markina-Xemeingo bizilaguna. Urkiak San Joxepegaz parte hartu du eta 30 txirlo jaurtitzea lortu du txapelketan.
Emakumeetan eta gazte mailan ere emaitza onak eskuratu dituzte Markina-Xemeingo bolariek. 17 txirlogaz, Carmen Cordero azpeitiarraren atzetik, emakumeen arteko bigarrena izan da San joxepe taldeagaz aritu den Olatz Arano, eta 18 txirlo botata gazte mailan nagusitu da, berriz, Elgeta taldeagaz parte hartu duen Udai Zelaia.
Nagusien mailan Bittor Astigarraga eibartarra izan da nagusi, eta alebin eta benjamin mailetan Kepa Rodriguez eibartarra eta Josu Urkia iruñearra, hurrenez hurren. 165 txirlogaz Asola Berri A taldea (Eibar) izan da garailea.
[GIPUZKOAKO 50. HIRU TXIRLO TXAPELKETAKO SAILKAPEN OSOA]
65 bolarik parte hartu zuten Elgetako bolatokian jokatu zen azken jaurtialdian, eta Bergarako Beñat Villar, 13 urteko gaztea, izan zen nagusi, 7 txirlo botata eta Eibarko Bittor Astigarragari parrekoetan irabaziz.6 txirlogaz geratu ziren ondoren Soraluzeko Jose Antonio Nuñez (San Andres taldekoa), Eibarko Josean Blanco (Asola Berri), Aretxabaletako Kepa Urra (Udala) eta Bergarako Iker Agirre (San Joxepe).
Bolari Eguna. Gipuzkoako txapelketa amaituta, Lehendakari Txapelketa jokatuko dute orain bolariek. Datorren zapatuan [ekainak 1] daukate hitzordu berria 11:00etan, Elgoibarko San Migelko bolatokian. Jakinarazi dutenez, Lehendakari Txapelketan Gipuzkoako txapelketako lehenengo 64 bolariek parte hartuko dute. “Kanporaketa eran izango da: sailkapeneko lehenengoa 64.aren kontra, bigarren sailkatua 63. aren kontra, hirugarrena 62.aren kontra, eta horrela txapeldun bat izendatu arte”.
Ohi modura, ondoren, bazkaria edukiko dute, eta bazkalostean hiru bolari omenduko dituzte, “euren ibilbideagaitik”: Jesus Mari Azpiazu Txorti, Joxe Mari Azpiazu Santa eta Julian Loiola. Horrez gain Gipuzkoako txapelketako sari banaketa egingo dute. Jaia Eibarko Big Ion musikariak girotuko duela gaineratu dute.