Lekeitioko Udalak Uribarren Abaroa Fundazioagaz daukan hitzarmena handitu du
Momentuko osasun egoera dela eta inor zaintzeko ez daukaten osasun etxeko pazienteek ere egoitzara joateko aukera edukiko dute.
Lekeitioko Udalak Uribarren Abaroa fundazioagaz daukan hitzarmena handitu du. 2016an sinatu zuten hitzarmena erakunde biek, eta horri esker herritarrek bere beharrizanak egoki asetua ez dituzten kasuetan, ez etxebizitza inguruan ez familia inguruan ez eta beste ostatu aukeretan ere, egoitzan sartzeko aukera daukate. Hemendik aurrera, hitzarmen hori zabalagoa izango da, beste kasu batzuei ere erantzuna emango die.
Udalak jakitera eman duenez, Lekeitioko anbulategian dauden Osakidetzako profesionalek aspaldian geroz eta gehiago izaten dituzten kasuei ere erantzuna emango diete. Horrela, osasun etxera doan pazienteak, printzipioz ospitalizaziorik behar ez duenak, baina osasun etxeko profesionalen balorazioaren arabera, daukan osasun egoeragatik, norbaiten zaintzapean egotea ezinbestekoa dutela ikusten dutenean, eta pazienteak inor zaintzeko ez daukanean, egoitzara joateko aukera edukiko du. “Uribarren Abaroa Fundazioak urteko 365 egun eta eguneko 24 ordutan hartuko ditu hitzarmen honen arabera helarazten zaizkion kasuak”, azpimarratu dute.