Tarinek udaberriko saioa eskainiko du Markina-Xemeinen
Musika eskolak eguenean [maiatzak 30] Markina-Xemeinen eskainiko duen saioa ikasturtea agurtzeko izango da. Saioa 18:30ean hasiko da, eta 100 musikari inguruk parte hartuko dute.
Markina-Xemein eta Berriatuko Tarine udal musika eskolak udaberriko emanaldia eskainiko du eguenean [maiatzak 30], 18:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Aurreko urteetan egin modura, emanaldia Tarinek ikasturte honetan Markina-Xemeinen eskainiko duen azken emanaldia izango da.
Musikariak taldekako emanaldiak eskainiko dituzte; talde batzuk pieza bat eskainiko dute, eta beste batzuk bi. Aurreratu dutenez, ordu eta erdi inguruko saioa izango da.
Besteak beste, emanaldian parte hartuko dute hizkuntza musikaleko ikasleek, gitarra taldeak, Nahi, Ixura eta Trikipand taldeek eta gazteek. Horiez gain, konboak ere ariko dira.
Guztira, azken emanaldian 100 musikari inguruk parte hartuko dutela esan dute.
Aurreko urteetako udaberriko emanaldietan egin modura, sorpresak ere egongo direla esan dute Tarineko arduradunek. Hala, herritarrei Uhagonera gerturatzeko eta musikagaz gozatzeko gonbitea luzatu diete.
Ekintzagaz amaitzeko, musika eskolako ikasle eta gurasoentzako luntxa egongo da.
Markina-Xemeingo eta gero, Tarinek ikasturte amaierako beste saio bat eskainiko du Berriatuan, ekainaren 20an.