Inoizko jende gehien batu du Kamiñazpiko bazkariak
Puzgarriak alde batetik, eta txirrinduan zein herri kiroletan parte hartzeko aukera eduki dute bestetik, ume eta gaztetxoek. Markel eta Txirloi izan dira aurtengo pala txapelketako irabazleak.
Pala txapelketagaz hasi dira girotzen gaur [ekainak 1] Kamiñazpiko jaiak. 10:00ak aldera eman dituzte lehen palakadak hamabosgarren txapelketako parte hartzaileek, eta eguerdira arte norgehiagokak ez du etenik izan. 16 bikotek eman dute izena aurtengo txapelketan eta Markel eta Txirloi izan dira aurten garaileak; 22-10 irabazi diete Unaxek eta Rubenek osatutako bikoteari.
Kamiñazpiko frontoian modura, parkean ere egon da gaur jolaserako aukera nahikoa. Puzgarriak alde batetik, eta txirrinduan zein herri kiroletan parte hartzeko aukera eduki dute bestetik, ume eta gaztetxoek. Aurrera Txirrindu Elkartearen eskutik proba ezberdinak gainditu behar izan dute gaztetxoek bizikleta gainean. Baloia ate barrura sartu, ohol gainetik igaro edota oztopoak saihestu behar izan dituzte helmugara heltzeko. Txokor batzen eta trontzan ere ibili dira umeak; pozik ebaki dituzte enborrak, bikoteka. Horrez gain, aurpegia margotzeko aukera ere eduki dute, eta oparitxoa ere jaso dute mozorrotu direnek.

Kamiñazpiko Pala Txapelketako finalistak. Argazkilaria: Kaiet Bengoetxea
Urtero modura, bazkari popularra eduki dute Kamiñazpin, eta aurten inoizko jende gehien batu da. Oraingoan, 361 lagunek bazkaldu dute karpa erraldoiaren gerizpean. Lasai hartu dute paellaren prestaketa taldeek. 23 taldek egin dute paella, eta 13:00ak jota hasi dituzte prestaketak. Mahairik mahai ibili dira Maddalen Arzallus eta Aitor Mendiluze bertsolariak. Aspalditik Kamiñazpiko jaiei ez die hutsik egiten Mendiluzek, Arzallusentzat, aldiz, lehen aldia izan da. Kamiñazpiko bazkalorduari giro ederra jarri diote biek, bertsotan.
Arratsaldean, berriz, poni eta zezen txikiak, zinema eta puzgarriak eduki dituzte, eta amaitzeko kontzertuak, ordu txikiak arte.
Barikutik jaietan. Musikarekin hasi eta amaitu zuten jaietako lehen eguna ere. Izan ere atzotik [maiatzak 31] daude martxan Kamiñazpin. Unanue Musika Eskolakoen eskutik pop rock saioa eduki zuten girotzen hasteko, eta play-back lehiaketa, mariatxiak eta DJa ondoren.

Play-Back lehiaketa.
Umorez josita egon zen play-back saioa. Izan ere, Txo! Antzerki Kolektiboko Aitor eta Ion Iñaki Artetxek El Conquis-eko Seleta eta Nagore Osoro mozorrotuta aurkeztu zuten. Parte hartzeari dagokionez, zazpi talde igo dira aurten oholtza gainera. Play-back onenaren saria Gaueko Izarrak taldeak eraman dute Huntzaren Lasai kantagaz; koreografia onenaren saria Jutxis taldearentzat izan da, Skakeitan taldearen Mundu berri baten mapa interpretatu zuten. Karakterizazio onenaren saria, berriz, Aldrebesak taldeak irabazi du, Lady Gagaren Poker Face kantagaz.