Gizarte Elkarteak aurkezteko bigarren azoka egin dute Lekeition
3. sektorearen azoka Lekeitioko Udalak abian jarritako sentsibilizazio kanpaina berriaren ekimenetako bat izan da. Zinema zikloa antolatu zuten martxoan eta apirilean.
Avifes, Gorabide, Lekeitioko Elikagaien Bankua, Caritas, Nagusilan, Acambi, Euskadiko odol emaileen elkartea eta Alzheimer Ondarru Afagi elkarteek egiten duten lana ezagutu eta elkarte bakoitzeko boluntarioekin zuzenean hartu emonetan jartzeko aukera eduki zuten atzo [ekainak 2] lekeitiarrek. Udalaren ekimenez, gizarte elkarteak aurkezteko bigarren azoka egon zen atzo plazan, eta 3. sektoreko elkarteak kalera irten ziren Lekeition ere badaudela ikusarazi eta eta behar duten herritarrei laguntza eskaintzeko. 11:00etatik 15:00etara egon ziren postuak zabalik.
3. sektorearen azoka Lekeitioko Udalak abian jarritako sentsibilizazio kanpaina berriaren ekimenetako bat izan da. Lekeitioko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak 3. sektoreko mahai bat osatu zuen 2016 urtean elkarteen arteko harremana eta Gizarte Zerbitzuekiko harremana sendotu eta elkarlana sustatu asmoz.
Bi urtero sentsibilizazio kanpainak egitea erabaki zuen mahaiak. Horrela, 2017an mahaian landutakoa herriratzea erabaki zuten. Hitzaldi ziklo bat eta gizarte arloko elkarte ezberdinak ezagutzera emateko azoka egin zuten horretarako. Aurten, berriz, sentsibilizazio kanpaina berriari ekin diote. Martxoan eta apirilean zinema zikloa antolatu zuten film ezberdinak eman eta elkarteek euren lana azaltzeko, atzo, berriz, kalera atera ziren sektorearen bigarren azokan parte hartzera.
Udalak jakinarazi duenez, jende asko hurreratu zen zinema zikloko filmak ikustera, gazte zein nagusi. Zinema zikloak 2017ko hitzaldiek baino harrera hobea izan duela aitatu dute.