Herriarteko txapelketako finalean daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko txikiak
Finalaurrekoetatik hurreago daude nagusiak; 2-1 irabazi diote Usansolori joanekoan.
Herriarteko Pilota Txapelketetan aurrera egin dute Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko txikiek eta nagusiek. Txikiak finalerako pasea lortu dute, nagusiak, berriz, finalaurrekoetatik hurreago daude, bueltako partida jokatu beharko dute orain, Usansolon, eta irabaziz gero, finaleko atarian egongo lirateke.
Markina-Xemein eta Ortuellaren artean jokatuko da Herriarteko Txiki txapelketako finala, ekainaren 15ean, Markina-Xemeinen. Ortuella garaile izan zen zapatuan [ekainak 1] Markina-Xemeinen jokatu zituzten maila bietan, alebin eta txiki; 18-14 eta 18-10 irabazi zioten Iurretari. Bigarren finalaurrekoa Markina-Xemein eta Zornotzaren artean lehiatu zen. Alebinetan Markina-Xemeingoak izan ziren garaile, eta txikien mailan, ostera, Zornotza. Gainera, markagailu bera eta tantoetara ere berdinduta geratu ziren talde biak. Beraz, talde gazteena zeukanak egin zuen aurrera, Markina-Xemeingoak hain zuzen.
“Norgehiagoka gogorra izan zen, ia 45 minutu egon ziren jokoan Markina-Xemein eta Zornotzako txikiak”, azaldu du Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Nagusien Herriarteko Txapelketan, berriz, errazago gailendu zen Markina-Xemeingo taldea. 2 eta 1 irabazi zion Usansolori. Kadeteak 22-2 irabazi zuten, gazte mailan 16-22 galdu eta nagusietan 22-9 nagusitu ziren. Markagailuan ere abantaila handia lortu zuten, eta horrek ere bere garrantzia izango du bueltako partidurako. Bueltako partidua datorren zapatuan [ekainak 8] jokatuko dute 18:30ean, Usansolon.