Ibai Arantzamendik Tenerifen borrokatuko du ekainaren 28an
Marathonbet boxeoko ligan parte hartzen ari da markina-xemeindarra Euskal Herriko Euskobox Green taldeagaz.
Marathonbet boxeoko ligan parte hartzen ari da Ibai Arantzamendi boxeolari markina-xemeindarra, Euskal Herriko Euskobox Green taldean. Valladoliden (Espainia) izan zuen lehen borroka eta orain Tenerifera (Kanariar Uharteak) doazela jakitera eman du.
“Joan eta itzuliko borrokaldiak dira eta talde osoak parte hartzen du”, azaldu du boxeolariak. Beraz, jardunaldi bakoitzean zortzi borrokaldi izaten dira, kategoria bakoitzeko bana: -52 kg, -56 Kg; -60 Kg; -64 Kg; -69 Kg; -75 Kg; -81 kg y +91 kg. Azken horretan borrokatzen du markina-xemeindarrak.
Ekainaren 28an izango du Arantzamendik hurrengo hitzordua Kanariar Uharteetako Taknara taldearen kontra. Euskobox Green taldea A taldearen baitan dago Los Guerreros del Bronx (Galizia), Milenio Boxeo Valladolid (Gaztela eta Leon) eta Taknara (Kanariar Uharteak) taldeekin batera. B taldean Gallego Prada Leone (Herrialde katalanak), On Guardamar KO Boxing (Valentzia), Valenciano Emporio (Madrid) eta Mazinger Boxing Team (Murtzia) taldeak daude.
Garaipena Lapuebla de Labarcan. Marathonbet ligagaz gainera, soltekako borrokaldietan ere parte hartzen ari da markina-xemeindarra emaitza onekin. Arabako Lapuebla de Labarcan KOz irabazi zion Guillermo Fernandez errioxarrari lehen round-ean.
Gogor ibili zen markina-xemeindarra lehen kolpetik eta Fernandezen erasoak saihesten jakin zuen. Lehen borrokaldia amaitzear zegoela eskuinagaz kolpatu zuen Fernandez, lurrera bidaliz. Errioxarra zutik jarri zen kanpaiak jo orduko, baina Arantzamendiren erasoak jarraitu aurretik bigarren saiora ez ateratzea erabaki zuen Fernandezen entrenatzaileak.