Irailaren 14rako manifestazioa deitu dute 11/13 sumarioko auzipetuek
Irailaren 16an hasiko da epaiketa, eta fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatzen du. Garai berriak diren arren, zigor handiei aurre egin behar dietela salatu dute auzipetuek.
Irailaren 16an hasiko da 11/13 auziaren epaia Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak dagoeneko egin du zigor eskaera: 601 urteko espetxealdia. Epaiketaren nondik norakoak azaltzeko eta abian jarritako dinamiken berri emateko, auzipetuek Donostian egin zuten agerraldia zapatuan. Irailaren 14an Bilbon manifestazioa egingo dutela iragarri zuten.
Mobilizazioa egin eta bi egunera hasiko da epaiketa. Auzipetuen aulkian egongo dira Ibarrangelugaz lotura duen Haizea Ziluaga abokatua, Kepa Mantzizidor abokatu mundakarra, Gernika-Lumon bizi eta Herriran lan egin duen Ibon Meñika, Munitibarko bizilagun Iñaki Goioaga abokatua eta Lekeitioko bizilagun Arantza Zulueta abokatua. «Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko? Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu, euren defentsa juridikoa egin dugu epaitegi zein espetxeetan eta bitartekari lanak egin ditugu», azpimarratu zuten agerraldian. Bereziki sakabanaketa politikoaren ondorioak gainditzeko lan egin dutela aitortu zuten. Euren printzipio politiko eta etikoak jarraituz aritu direla nabarmendu, eta egindakoagaz «lasai» daudela esan zuten.
Elkartasun sare baten kide izateagatik auzipetu dituztela diote: «Asko izan du ederretik elkartasun sare honen parte izateak, pertsona bezala hobetu gaitu. Elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria».
2015. urtean hasitako auziak euren bizitzak baldintzatu dituela eta mina ere eragin diela aitortu zuten. «Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu, geureak eta gure inguru hurbilarenak. Espetxearen mamua daukagu parez pare». Auzipetuen zaintzapean 38 adin txikiko daudela zehaztu zuten, eta euren espetxeratzeak haien garapen afektibo zein emozionala «erabat» baldintzatuko lukeela adierazi: «Egoera gogorra da».
Konponbide bila. Eloy Velasco epailearen aginduz 2013ko irailean hasitako polizia operazioa du oinarri 11/2013 sumarioak. Orduz geroztik, epaiketaren zain egon dira auzipetuak.
Preso eta erbesteratuen gatazkaren ondorioak arindu eta gainditu nahian azken urteetan «urrats garrantzitsuak» egin direla ohartarazi zuten. Dena dela, salatu zuten, zigor gogorrei aurre egin beharko dietela. Izan ere, euren berbetan, epaiketaren oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019an. «Aro berri baten testuinguruan, gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ginen, ilusioz. Horregatik kolpatu gintuzten».
Auziagaz asaldatu direnei eta auzipetuei babesa agertu dietenei dei egin diete irailaren 14ko manifestazioan parte hartzeko. «Kalean eta herritarrekin erantzun nahi diogu makroepaiketari». Euskal Herriko askotariko eragileekin ere ari dira manifestu bat lantzen. Halaber, zigor ekonomikoari aurre egiteko dinamika jarri dute martxan; izan ere, 117.600 euroko isunari egin beharko diote aurre. Lagundu gura duenak hurrengo kontu korrontean egin ahalko ditu ekarpenak: Laboral Kutxa ES82 3035 0057 9205 7005 9033.