Autodefentsa Feminista ikastaroa emango dute Ondarroako Etxelilan
Ikastaroa ekainaren 14an eta 15ean egingo dute. Parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da, eta ekainaren 12a da horretarako azken eguna.
14 eta 20 urte bitarteko gazteei bideratutako Autodefentsa Feminista ikastaroa egingo dute Ondarroako Etxelilan. Ekainaren 14an eta 15ean izango da; barikuko saioa 16:30etik 20:30era egingo dute, eta zapatukoa, ostera, 10:00etatik 14:00etara. Izen ematean bost euro ordaindu behar dira. Ekainaren 12a [eguaztena] baino lehen deitu beharko da Etxelilara (94-613 40 08).
“Normalean helduentzako izan ohi dira era honetako saioak, baina uste dugu gazteentzat oso interesgarria izan daitekeela”, adierazi du ikastaroa gidatuko duen Naroa Argoitia Iñurritak. “Emakume moduan gizarteratuta egon garen pertsonentzako espazio bat sortzea da helburua, lasaitasunez berba egin ahal izateko eta indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko” azaldu du.
Hala, eguneroko indarkeriari aurre egiteko tresnak landuko dituzte ikastaroan. “Matxismoak gure gorputzarekiko eta askatasunarekiko dituen ondorioak jorratuko ditugu ere, beldurrak, kulpak…”, nabarmendu du Argoitiak.