Circular Seas europar proiektu berria jarri du abian Leartikerrek
Proiektuaren helburua itsasoko hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea da. Ekimenak hamar bazkide ditu, eta elkarlanean itsasoagaz lotutako produktu berritzaileak sortuko dituzte 3D printing teknologia erabilita.
Circular Seas izena duen europar proiektu berri bat zuzenduko du Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak. Circular Seas lau urteko iraupena duen proiektu bat dela jakitera eman dute, eta itsasoko hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea du helburu. “Gaur eguneko diagnosi lana burutu, hondakin horien batze aukerak definitu, balorizaziorako teknologia desberdinen azterketa egin eta itsasoagaz erlazioa duten produktu berritzaileak sortuko dira 3D printing teknologiaren bitartez”.
Leartikerrekin batera beste bederatzi bazkidek parte hartzen dute Interreg Atlantic Area programaren bitartez Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatutako proiektu horretan: Azaro Fundazioa, Universite de la Rochelle, Universidad de Vigo, University of Plymouth, Cork Institute of Technology, Instituto Politecnico de Leiria, Communaute d’Agglomeration de La Rochelle, Ondarroako OPPAO eta Antiguako Ama Itsas eta Arrantza Eskola. Proiektuan interesatuta dauden bazkideak, berriz, HAZI Fundazioa eta Syndicate Mixte Port de PĂȘche La Rochelle Chef de Baie direla zehaztu dute. “Horiek europar ekimen honetan egingo diren bileretan eta ekintza batzuetan parte hartuko dute”.
Proiektuaren bazkide guztiak Leartikerren bildu ziren joan den astean, proiektuaren lehen bilera egiteko. Zehaztu dutenez, hurrengo hilabeteetarako lan kronograma landu zuten, eta Circular Seas proiektuari hasiera ofiziala eman zioten.