Ondarroako Udalak aurten herrira bizitzera etorritakoei ongietorria egingo die
Ekitaldia domekan egingo da, 11:00etan, Kofradia Zaharrean. Udal ordezkariek Ondarroa eta udal baliabideak hobeto ezagutzeko ekitaldira joateko gonbitea egin diete herritarrei.
Ondarroako Udalak 2019an herrira bizitzera etorri diren bizilagunei ongietorria emango die, domekan [ekainaren 9a]. Hala, herria eta udal baliabideak hobeto ezagutzeko ekitaldira bertaratzera gonbidatu dituzte herritarrak; ekitaldia 11:00etan egingo da, Kofradia Zaharrean.
“Ondarroa anitza izatea nahi badugu, elkartasun osoz jokatu behar dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin”, adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Horrez gain, herriko elkarteek “aniztasun kulturala bermatzen” dutela eta denek batera herriko “izaera indartzeko” lan egiten dutela azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek.