Aktoreen desio eta ametsekin jositako obra taularatuko du Abarka antzerki taldeak
Domekan estreinatuko dute ‘Ortentsia izan nahi dut’ lana Uhagon kulturgunean. Bost aktore igoko dira oholtzara Ander Lipus zuzendariaren gidaritzapean. Sarrerak aurretiaz lortu daitezke.
Azaroan iragarri zuten, eta esandakoa betez, ekainaren hasieran kaleratuko du Ortentsia izan nahi dut obra berria Abarka antzerki taldeak. Domekan [ekainak 9] estreinatuko dute, hain zuzen, eta Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunea aukeratu dute agertoki.
Beste era bateko antzerkia egitera ausartu da oraingoan, Abarka. Sormen prozesu erabat ezberdina garatu dute, barrutik kanporako lana eginez. Antzezleak barrura begira jarri eta biluztu egin direla esan dute, eta bakoitzarengandik atera diren istorioetatik abiatuta, aktore bakoitzaren desio edo ametsetatik, istorio kolektibo bat josi dute. Oier Guillanen ikastaroa funtsezkoa izan dute horretarako. Ikastaro horretan eman diote forma bakoitzaren istorioei, eta gero, Ander Lipus zuzendariak eman dio izaera obrari.
Abarkak ia-ia antzerki mota desberdinetatik bidaiatu du. Iaz egin zuten Uelkom Amerikanuek kale antzerki ibiltaria ere era horretako lehenengoa izan zuten, eta Ortentsia izan nahi dut ere ohiko antzezpena baino, performancea da gehiago. Zuzendariak aurreratu duenez «ez dago istorio narratibo bat eta ez dago pertsonaiarik, alter egoak daude».
Bestalde, testuak Oier Guillanek egin ditu, eta Joseba Sarrionaindiaren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuko atalak ere erabili dituzte zubi modura, testuen arteko lotura egiteko. Azkenik, pieza guztiak bat eginda, 45 minutuko obra osotu dute.
Elkar ezagutzeko bidaia. Obra berriaren prestaketa elkar ezagutzeko bidaia bat ere izan dela azaldu dute antzezpeneko bost aktoreek. Luis Egurrola, Lur Epelde eta Ruben Markina aurretik ari dira Abarkan, eta Izar Alguero eta Nahikari Santano batu zaizkie obra berrirako. «Prozesu polita izan da pertsona modura biluztea eta elkar ezagutzea taldea egiteko, eta bide batez irten du performance honek».
Agindutako eperako prest daudela eta, «oso pozik» dago Lipus, eta antzezleen lana goraipatu du. «Ez dute euskarririk eduki oratzeko, barnetik irteten duena izan dute abiapuntu eta guztiorri forma ematen aritu dira». Ez dute lan erraza eduki eta denbora gehiegirik ere ez, hala ere, azkenean, obra «loratu dela» adierazi du.
Uhagon kulturguneak edukiera txikia daukanez saio bi eskainiko ditu Abarkak etzi, 18:00etan eta 20:00etan. Markina-Xemeinen antzokirik ez dagoenez, formatu txikiagoko pieza egitea aurreikusi zuten, eta kulturguneak emanaldi intimoagoa eta hurrekoagoa egitea eskaini die. Obra berriaz gozatu nahi duenak sarrerak salgai ditu jada, aldez aurretik, Uhagon kulturgunean bertan. Momentuz, Markina-Xemeingo emanaldia besterik ez daukate pentsatuta.