Taldeen aurkezpena egin du Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteak
Urtero egin modura, Isuntza asteburua aprobetxatuta egin dute taldeen aurkezpena. Nagusien mailan, aurten, Isuntzak nesken trainerua edukiko du.
Zaleen txalo artean aurkeztu du Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteak maila guztietako taldeak, udaletxeko eskaileretan. Ekintza Isuntza Asteburuko ekintzetako bat izan da, eta herritarrak eta bisitariak erakarri ditu. Txalo artean, iaz gizonezko nagusiek lortutako igoerari eusten saiatuko direla esan dute elkarteko ordezkariek. Horrez gain, aurtengo denboraldian alebinek, txikiek eta gazteek ere emaitza onak lortu dituztela azpimarratu dute. “Azken 42 urteetako emaitzarik onenak”.
Iaz nagusiek Eusko Label ligara igotzea lortu zuten, eta hain zuzen ere, lorpen hori eta gero herrira etorri zireneko irudiak oraindik ere gogoan dituztela esanez hasi dute aurkezpen ekitaldia udaletxeko eskaileretan. “Elkarteko kide guztion izenean eskerrik asko horrelako harrera egiteagatik. Aurten gogor lehiatuko dugu, eta ligan mantentzen saiatuko gara”.
Iaz Isuntzako emakumezko nagusiak Lea Artibai traineruan aritu baziren ere, aurten euren traineru propioa osatu dutela esan dute. Emakumezko nagusiek ere txalo zaparrada jaso dute.
Alebin neskak eta mutilak aurkeztu dituzte lehendabizi, ostean txikien taldeak, gero gazteenak, eta nagusiak izan dira azkenak.
Aurkezpena egin eta gero, herriko apaizak iaz eta aurten lortutako banderak bedeinkatu ditu, bai eta traineru berria ere. Eta elkarteko kideek gogorarazi dute gaur [ekainak 8] eta bihar [ekainak 9] Isuntza Asteburuagaz gozatzeko ekintzak egongo direla. Bihar, gainera, Lekeitioko Bandera jokatuko da.