Gizonen 41. eta emakumeen 9. banderak lehiatuko dituzte Lekeition
Estropada 11:30ean hasiko da, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte. Isuntzaren Asteburua ere ospatuko du Lekeitioko arraun ekarteak.
Domekan Lekeition lehiatuko diren gizonezkoen 41. bandera eta emakumeen 9.a aurkeztu dituzte gaur goizean [ekainak 6] udaletxean egindako ekitaldian Isuntza Arraun Elkarteko eta Lekeitioko Udaleko ordezkariek. 33 traineru aterako dira domekan [ekainak 9] Lekeitioko uretan, emakume zein gizonezkoenak.
Estropada 11:30ean hasiko da, eta traineruek lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte. Tripulazio kopurua dela eta, estropada hiru zatitan banatuko da, lehenengo eta behin nesken tripulazioz osatutako erlojupeko txanda bat egongo da, eta ondoren gizonezkoen txandak hasiko dira: erlojupekoa eta lerrokatutako hiru txanda.
Isuntza Arraun Elkarteko arraunlariak lan gogorra egiten ari direla adierazi du Amaia Antxustegi zinegotziak, «eta gure herriko uretan, domeka honetan, beste talde batzukin lehiatzen ikusiko ditugu eta benetan ikusgarria izango da». Emakumeak ere pixkanaka euren leku eta errekonozimendua izaten ari direla era gaineratu zuen Antxustegik, eta Isuntzak emakumeak arraun munduan aurrera egiteko egiten duen esfortzua goraipatu du. «2017tik indartsu dago taldea, baina gogoratu behar da Isuntza izan zela lehenengo taldea emakume talde bat eduki zuena. 1994an atera zuten batela esaterako».
Lekeitioko Udalak balioan jartzen duela azaldu zuen «Isuntza Arraun Elkarteak Lekeitiori egiten dion ekarpena», hori dela eta, urtero laguntzen diote, besteak beste, finantzaketan. Bestalde 2018an Isuntza berriro TKEra itzuli zenean Isuntza eta udalaren arteko hitzarmen bat sinatu zuten. «2018an 10.000 euroko diru laguntza jaso zuten, eta aurten ere beste 10.000 eurokoa izango da».
Santi Zumaran Isuntza Arraun Taldeko lehendakariak Lekeitioko Udalaren laguntza eskertu du, eta Isuntza denboraldi honetan gazte mailan lortzen ari den emaitza onak nabarmendu ditu. «Bizkaiko txapelketetan bost lehiaketa irabazi dituzte, eta euretako bat emakumeek kadete mailan. Euskadiko txapelketa bi ere baditugu txiki eta gazte mailetan». Neska arraunlarien kopurua ere gehituz doala azaldu zuen Isuntzako lehendakariak pozik, «gizonezkoen beste edo gehiago dira».
Duatloia. Lekeitioko banderez gainera, asteburu honetan Isuntzaren Asteburua ere ospatuko du Lekeitioko arraun ekarteak, eta urtero bezala egitarau berezia prestatu dute. Zapatuan [ekainak 8], 11:00etan, Arraun Duatloia egingo dutela jakinarazi du Edriga Aranburu elkarteko kideak, eta 10 urtetik 15 urtera bitarteko neska-mutil guztiei dei egin die plazara hurbildu eta parte hartzeko. 14:00etan, berriz, taldea aurkeztuko dute udaletxeko eskaileratan, eta aurreko ekainetik eta aurtengo ekainera lortutako bandera guztien bedeinkapena egingo dute. «Aurten gazte kategorietan bandera ezberdinak lortu dira, baina aurreko denboraldian ere gizonezkoen traineruak TKErako jauzi hori ematerako orduan lau bandera lortu zituen, eta horiek ere bedeinkatuko dira».
Domekakoa estropada berezia izango dela gaineratu du Aranburuk, «ia traineru guztiek parte hartzen duten denboraldi-aurreko lehenengoa izaten delako ». Eta herritar guztiei bertaratzeko deia luzatu die.
Domekako estropadaz gainera, udan beste hiru hitzordu garrantzitsu ere izango dituzte lekeition: TKE-ko estropada ekainaren 30ean; emakumezkoen TKE ligako estropada eta KAE ligako estropada uztailaren 25ean eta Bizkaiko Traineru Txapelketa uztailaren 13an.
Aurten klubak 42 urte betetzeagaz gainera, historikoki emaitzarik hoberenak lortu dituen urtea ere badela azpimarratu du amaitzeko Aranburuk, “emakume zein gizonezkoetan”.
ESTROPADA
- Neskak (2 Luze-Ziaboga 1)
Zumaia
Isuntza eta Ondarru
Kaiku eta Tolosaldea
Deustu eta Hibaika
Hondarribia eta Donostiarra
Orio eta Arraun Lagunak - Erlojuoekoa
Deustu B eta San Juan B
Busturialdea eta Mutriku
Hondarribi B eta Orio B
Portugalete eta Getxo
Zumaia eta Donostiarra B - Lehenengo txanda
Deustu, Getaria, Zarautz eta Arkote - Bigarren txanda
Isuntza, San Pedro, Kaiku eta San Juan - Hirugarren txanda
Hondarribia, Zierbena, Donostiarra eta Santurtzi